Bi areatan aukera ugari izan zituen partidu nahasia jokatu zuen Mondrak

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko urt. 6a, 12:55

Hasiera ona eman zion Mondrak zapatuan Ostadarren aurkako partiduari, izan ere, lehenengo gola 20. minutuan sartu zuen Iker Uribarren jokalariak eta markagailuan aurretik jarri ziren arrasatearrak une horretatik. Azkenean, baina, 2-2 berdindu zuten.

Aukerak partiduaren hasiera-hasieratik izan zituzten; esaterako, laugarren minutuan izan zuen talde txuri-moreak arerioen porterian gola sartzeko lehenengo aukera eta horren ostean Gorka Dueñas jokalariak, besteak beste, izan zituen beste pare bat aukera ere. Hala ere, lehenengo gola Uribarrenek sartu zuen eta hortik aurrera Mondrakoak hobeto jokatzen hasi ziren.


24. minutuan adibidez Mondrako Jon Ander Ormaetxeak joko polita egin zuen kontrarioei baloia sahiesten eta harmailan zeuden zaleen txaloak jaso zituen. Hiru minutu pasa ostean etorri zen partiduko lehen txartel horia. Mondrako Erik Justel jokalariariak jaso zuen falta egiteagatik. 35. minutuan etxekoek partiduko bigarren txartel horia jaso zuten; Iker Lopezek jaso zuen.


Tartean Ostadarrekoek izan zuten aukeraren bat baina ezin izan zuten baloia Arrasatekoen porterian sartu. 42. minutuan Ostadarrek aukera paregabea izan zuen euren lehenengo gola sartu eta berdinketa egiteko baina Mondrako Oier Zabaleta atezainak baloia geratzea lortu zuen. Lehenengo zatia bukatu aurretik ere Ostadar taldekoek izan zituzten aukera batzuk golak sartzeko.

Bigarren zati tentsioduna

Bigarren zatia ez zuten batere ondo hasi arrasatearrek eta zati horretako 13. minutuan etorri zen Ostadarren lehenengo gola. Horren ostean, Mondrako Andoni Aizpuruak Iker Lopezi egindako pase baten ostean beste aukera bat izan zuten arrasatearrek, baina kanpora atera zen baloia. 16. minutuan etorri zen Ostadarren bigarren gola eta Mondraren aurretik jarri ziren 1-2.


Harmailetatik tentsioa nabarmen igartzen zen eta Ostadarrekoek aukera bat baino gehiago izan zituzten markagailuan aurrera egiten jarraitzeko. 25. minutuan, esaterako, hortxe-hortxe egon zen gola baina Zabaleta atezainak baloia gelditu eta zaleen txaloak jaso zituen. Minutu bat geroago etorri zen berdinketa; Mondrako Uribarrenek bigarren gola egin zuen.


Azkeneko ordu erdia nahiko nahasia izan zen; jokalariak atzera eta aurrera ibili ziren, area batean zein bestean aukerak izan ziren. Harmailetan ere tentsio ugari sumatzen zen; txistuak, oihuak, txaloak... talde bateko zein besteko zaleak euren taldeak animatzen zebiltzan. Bigarren zatiko 50. minutuan epaileak jokoz kanpo bat adierazi zuen Mondraren alde eta harmailetan txistu ugari entzun ziren orduan ere. Bost minutu geroago gauza bera gertatu zen eta harmailak puri-purian zeuden.

Azkenean 2-2ko berdinketarekin amaitu zen Mondra eta Ostadarren arteko partidua zapatuan Mojategin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak