Gainera, urtarrileko kultura gidaren barruan euskarazko bi komunikabideren aldeko ekitaldiak nabarmendu behar dira. Bata, Doke antzerki taldearen Paradisuko Atean antzezlana, Mondraberri agerkari digitalaren aldekoa. Hilaren 13an izango da, Amaian (19:30).Bestea, Berria-ren aldeko ziztada jaia, hilaren 19an izango da, leku eta ordu berean. Sarrerak Jardun, Loramendi eta AEDren egoitzetan eta leihatilan egongo dira salgai, bost eurotan.
Eguenean, Orreaga hizpide
Bestalde, Udalak, Zuztarrak Errotuz taldeak eta Nabarraldek antolatuta, Orreaga 778-824 izeneko hitzaldia eskainiko du Beñi Agirrek: "Orain arte, batez ere frantsesek egin dute Orreagako gudari buruzko kontakizuna, Roland-en protagonismoa goratuz eta euren ikuspegi propiotik. Gogoratu dezagun Karlomagnok Iruñea suntsitu zuela Pirinioetarako bidean eta Orreagan enboskada egin ziotenak ez zirela izan hiru artzain, politikoki antolatuta zeuden baskoiak baizik". Hainbat datu historiko emango dituzte.