Dozena bat tapoi tona jaialdi bakar baten

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urtarrilaren 7a

Naiara Agredaren aldeko tapoi tona bakoitzeko 200 euro jasotzen ditu haren familiak. Orain arte zortzi tona jaso dituzte; 1600 euro, beraz. Bada, abenduaren 26an gaztetxean antolatutako elkartasun kontzertuan – Arkada Social, Rat-Zinger, Des-Kontrol eta Screamers & Sinners taldeek goraino bete zuten gaztetxea– 2.300 euro inguru batu ziren garun-paralisia duen haurraren bizimodua hobetzen saiatzeko. Hau da, orain arte tapoi tonak biltzen jasotako diruaren ia bikoitza: "Harrigarria da batutako dirua, horrenbeste ez genuen espero", adierazi digu amak, Almudena Viecok.

Familia ez zen kontzertuan egon kanpoan egon behar izan zirelako, baina esker on hitzak izan dituzte antolatzaileendako zein kontzertura joan ziren ikusleendako: "Izugarri eskertzen dugu gure alde egindakoa".

Hori bai, azkenaldian tapoi kopuruak nabarmen egin dute behera: "Beste bi haurren aldeko  bilketak ere hasi dira eta igarri dugu askoz gutxiago heltzen direla. Hala ere, jendeak laguntzen jarraitzen du ahal duen moduan. Guk ez dugu etsiko, tapoiak batzen jarraituko dugu", dio Viecok.

Gabon zaharretan aulkia hautsi

Izan ere, albiste txar batekin amaitu zuten urtea. Gabon zahar egunean aulkiaren xasisa erditik apurtu zitzaion Naiarari, konponketarako aukera barik.

Oraingoz ortopediak utzitako aulki batekin moldatzen badira ere, berria ahalik eta lasterren erosi beharra dago: "Jendeak galdetzen digu ea aulki berria erosi dugun dagoeneko, baina ez da hala. Ortopediak utzi digu egunotan kalera irteteko aukera izan dezan, baina ez da gurea. Gainera, aulki berria erosi eta egokitu egin behar da; horrek denbora eskatuko du. Heldu da berria erosteko ordua, ez dago besterik". 

Eta, Viecoren arabera, "tristeena" dena da aulki berria erosteko diru nahikorik izango duten ez dakitela oraindik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak