Txikien paradisua urtarrilaren 3tik 5era Arrasateko Uarkape pilotalekua

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko urtarrilaren 2a

Aurten ere Txikilandia urtarrilaren 3, 4 eta 5ean izango da Arrasaten. Hogeita bigarren urtez antolatuko dute aurten Gabonetako euskarazko parkea, eta iaz bezala, Uarkapen pilotalekuan izango da, Txatxilipurdiren eskutik. Aurten, gainera, sorpresa eta guzti: Porrotx izango da barikuan, goizez, txikienen gozamenerako. Prestaketa lanetan harrapatu ditugu gaur Txatxilipurudikoak. 

Urte mordoxka bat dira Txatxilipurdi elkarteak Txikilandia antolatzen duela. Arrasateko ume eta gazteek gabonetan euskarazko aisialdia eduki dezaten xedez egiten dute.

Urtarrilaren 2tik 5era bitartean izango da Gabon parkeko 22. edizioa.

Berritasunez josia

Arrasateko kiroldegian urte luzez egon ostean, iaz Uarkapera lekualdatu zuten ekimena eta harrera ona eduki zuen orduan. Eta Bigarrenez egingo dute udal pilotalekuan gazteei zuzendutako jaia. Zenbait berritasun ere ekarriko ditu hitzorduak: Irrien Lagunen puzgarri guztiak egongo dira; eskaintza bereziak edukiko dituzte gazteek, rokodromoa edota serigrafia tailerrak, esaterako. Bestalde, bi espazio berri irabazi dituzte, Sorkuntza txokoa jatetxean eta KZ gunea zegoen tokian, familia txokoa eta ipuin txokoa.

Txikilandiako azken eguna berriz, iaz bezala, Kiroldegira lekualdatuko da, eta goizean zehar igerilekuan joko ugari antolatuko dituzte. Arratsaldean berriz, kalejiran joango dira Gaztxera, eta Irrien Lagunen kantu eta dantza ikuskizuna egingo dute. Guzti horrez gainera, karaokea, ipuin magikoa,guraso txokoa, wii eta gitarhero tailerrak ere egingo dituzte besteen artean.

Aurreko edizioko prezio bera mantendu dute. Hala, 0-3 urte bitarko umeek, 10 eurotan dute bonoa salgai, eta 4-12koek, berriz, 14 eurotan (eskuorrietan gaizki agertzen dela adierazi dute). Bestalde, azken egunean igerilekura joateko 3 euroko kostua izango du, eta irrien lagunen ikuskizunera sartzeak, berriz, 4 euro haurrek eta 2 euro helduek. Salgai daude dagoeneko bonoak Txatxilipurdiren egoitzan. Aurrez erosita zein Topakide txartela erakutsita deskontua izango dute.

Eta, gainera, azken orduko sorpresa bat ere izango da: urtarrileran 4an, barikuan, Porrotx-en bisita izango dute Txikilandian. Bertan, Uarkapen, ikuskizun bat egingo dute Porrotxek eta Porrotxinek han diren guztiek goza dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak