Urte berrian, Kooltur egitarau berria

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko urtarrilaren 2a

Dagoeneko prest dago urtarrileko Koolturreko egitaraua. Porco Bravo, Xabi San Sebastian Band eta Siroko Ska taldeez gainera, 'Rosalinda, sous le ciel' antzezlana ikusteko aukera egongo da urtarrileko eguenetan.

Lau hitzordu izango dira Kooltur Ostegunak ekimenaren baitan urtarrilean zehar. Musika eta antzerkiak hartuko du Arrasateko Gaztetxea urteko aurreneko hilabete honetan.

Barakaldotik etorriko da aurreneko taldea hilaren 10ean. Porco Bravo taldea igoko da oholtzara bere zuzeneko indartsuarekin. Talde bizkaitarra 2004ean sortu zen, eta erritmo biziko Grooo diskoa aurkeztuko dute, punk-rock doinuekin jendea gozaraziz.

Bigarren hitzordua urtarrilaren 17an izango da. Xabi San Sebastian Band-en txanda izango da orduan. Bide luzea du San Sebastianek musika munduan, eta bakarka zein Alboka taldeaz edota Kepa Junkerarekin aritu ondoren, Xabi San Sebastian Band taldearekin etorriko da Arrasatera, Erraiak diskoa aurkeztera.

Urtarrilaren 24ean musikak barik, antzezlanak hartuko du Kooltur. Cristina Calvo eta Ekoma Teatroren ikuskizuna da Rosalinda, sous le ciel. Emakume baten istorioa kontatzen da; jendarteak ipinitako kanonetatik aldentzen den emakumea da Rosalinda eta arrazoi horrexegatik are pertsona bakartiago bilakatu den protagonista. Umore klabean kontatutako istorioa.

Hileko azken hitzorduan Arabako lurretatik etorritako Siroko Ska taldea izango da protagonista. Tronpetek lagunduta, 2008an sortutako taldeak reggae zein ska doinuez bustiko dute gaztetxea urtarrilaren 31n.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak