Euskarazko palindromo onenen bila

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko urtarrilaren 2a

Hirugarrenez antolatu du AEDk Euskarazko Palindromo lehiaketa, eta gura duten guztiek otsailaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dituzte euren lanak.

Aurretik atzera eta alderantziz, berdin irakurtzen diren hitz edo esaldiak dira palindromoak. Euskarazko Palindromo lehiaketaren edizio berri bat jarri du martxan AEDk eta oraingoan ere, Euskal Herriko eta Arrasateko palindromorik onenak bilatuko dituzte sariketaren bidez.

Otsailak 15 izango da lanak aurkezteko azken eguna, eta epaimahaiak martxoaren 1ean emango ditu jakitera irabazleen izenak. Lanak baloratzeko unean zenbait ezaugarri hartuko dituzte kontuan, antolatzaileen esanetara: "Balio literarioa eta artistikoa, luzera eta aberastasun semantikoa".

Gura duten guztiek gura duten lan beste aurkez dezaketa. Euskarazkoak, hizkuntza aldetik zuzenak izan behar dute  eta sekula argitaratu gabeakoak izan behar dira. Lanak, aed@aedelkartea.com helbidera bidali 2013ko otsailaren 15a baino lehen.

Sariei dagokienez, Euskal Herriko palindromorik onenarentzat, Debako Txindurri Iturri Nekazal turismoan bi laguntzeko gaua (afari eta gosaria barne) eta Arrasateko onenarentzat berriz, Txondorra erretegian afaria.

Aurreko edizioetako onenak

2010ean antolatu zuen aurrenekoz lehiaketa AED elkarteak eta lehenengo edizioan 42 lan aurkeztu zituzten. Kasu hartan, Euskal Herriko mailan, Juan Mari Agirreurreta aretxabaletarrak irabazi zuen, Utzi penak Ane; Piztu! esaldiarekin. Arrasateko euskarazko palindromorik onena Aitor Begoarentzat izan zen, Atzo, arotza, zeruak erreka urez aztora ozta lanarekin.

2011n Euskal Herri mailan aurkeztu ziren soilik parte hartzaileak, 58 guztira, eta aurreko urtean bezala, Agirreurretak irabazi zuen, Animatua bazen, ezabatuta mina! esaldiarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak