No Hope: "Diskoan punk-rock musikaren orbitan dauden estilo ezberdinak daude"

Jagoba Domingo 2013ko urtarrilaren 2a

Ez dago itxaropenik, No Hope taldeak Kale Ustelak deitzen den lehen lan luzea kaleratu berri du duela aste batzuk. Plastikoan punk eta rock and roll-a hitz zuzen eta ziztatzaileekin aurkituko dugu. Aretxabaletako taldeaz eta diskoaz gehiago jakin nahian, Morris eta Jawer taldekideekin egon gara eta disko-jogailuan The Beatles entzun bitartean grabagailua piztu dugu.

Nola hasi zen No Hope?

Aspaldi hasi ginen taldearekin, 2008. urtean gutxi gora behera. No Hope, Los Rechazados taldearen errautsetatik jaio zela esan dezakegu. Los Rechazados-en ibilbidea bukatu zen, bi taldekidek jotzeari utzi ziotelako baina beste hirurok [Arruti, Potras eta Jawer] ez genuen musika alde batera utzi behar. Beraz taldearen izena aldatu, beste lagun batzuekin kontaktuan jarri eta aurrera jarraitzea erabaki genuen.

Zer aurkitu dugu Kale Ustelak diskoan?

Punk-rock musikaren orbitan dauden estilo ezberdinak hitz zuzen eta kritikoekin. 8 kantu grabatu ditugu, 7 abesti propio eta Esan Ezetz, Roots&Boots talde malaisiarraren kantu bat, gure hitzekin moldatuta. Horrez gain, diskoan Los Rechazados taldearen hiru abesti daude, hor ikusi daiteke bi taldeen arteko lotura. Hala ere, zaila egiten zaigu geure diskoa deskribatzea.

Diskoa grabatzen urte bete eman duzue, zer dela eta?

Desertuan zehar ibilaldi luze bat izan da! Estudioan 2011ko uztailean sartu ginen eta bertatik 2012ko martxoan irten ginen. Ondoren, diskoaren diseinuarekin beste hainbeste luzatu ginen, beraz abenduan kaleratu dugu lehen lana. Tartean mila ustekabe jasan genituen eta guzti horrek dinamika apurtu zuen, grabazio guztia aste gutxi batzuetan egin beharrean hilabete batzuk behar izan ditugu. Adibidez, gure bateria ohia, Morenito, istilu bat tarteko, besoa apurtu zuen, beraz imajinatzen duzun bezala, berau osatu artean geldi egon ginen. Disko osoan hiru bateria ezberdin daudela aipatzearekin, gure odisea ulertu daitekeela uste dugu. Baina ustekabe hauek alde batera utziz, oso esperientzia ona izan da, etxean bezala sentitu gara grabatu bitartean.

Kantu bat aukeratu beharrez gero zein izango zen?

Diskoari izena ematen dion Kale ustelak edo Sua aukeratuko nituzke, baina momentu bakoitzak kantu ezberdin bat eskatzen du. Adibidez, jende dezentek aipatu digu erdaraz egindako kantuak puntu makarrago bat dutela eta euskaraz egindakoak ordea, melodikoagoak direla, landuagoak. Entzuleak erabaki dezala zein de diskoaren kanta onena!

Kolaborazio asko izan dituzue diskoan ezta?

Bai, urtebetean lagun askorekin hitz egiteko denbora dago! Egia esan kantuek koru asko dituzte eta indarra ematen die. Kolaboratzaileen artean, Aggressive Combat-eko Mara; Material Rechazado-ko Aitor; Neallta Fola-ko Kanu eta Karlote edota egun gure bateria-jolea den Morris daude.

Horrez gain kolaborazio berezi bat izan duzue.

Oi!, Arrutiren txakurraren zaunkak Sua kantuan entzun daitezke. Honen grabazioa benetan bitxia izan zen, Arruti txakurrarekin ahotsak grabatzeko kabinan zegoen hau zirikatzen zaunka egin zezan eta Oi!-ren zaunkak hiru nota ezberdin ziruditen.

Diskoa Teletetxo punk eta Oi! zigiluarekin atera duzue.

Gure soinuarekin bat egiten duen etxea dela uste dugu, eta diskoaren kopiak egin dizkigute. Hala ere banaketaren lan handiena guk egin beharko dugu. Batez ere kontzertuetan eta tabernetan jarriko dugu salgai diskoa, eta horrez gain, Musikooperatiba ekimenean murgilduta dagoen lagun batek Donostia aldean diskoa banatzen lagunduko digu.

Eta hemendik aurrera zer?

Diskoa ahalik eta leku gehienetan aurkeztea da gure nahia eta bitartean kantu berrietan lanean jarraitzea. Momentu honetan, bi kanta berri prestatzen dihardugu, Gipunkskoa izeneko bilduma batean parte hartzeko. Horrez gain hainbat kontzertu ditugu datozen hilabeteetan, Algortan, Tarrasan eta Arrasateko gaztetxean Itxungi Rock irratiaren aldeko jaialdian besteak beste. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak