Ohitura bilakatu da Arrasate Musikaleko bandak Amaia antzokian urteari amaiera ematea. Abenduaren 31n izaten da hitzordua, 13:00etan eta dagoeneko prest dute egitaraua. Aurrena, baina, kalejiran irtengo dira kideak, 11:00etan.
Mikel Markiegik zuzenduta, errepertorio zabala eskainiko diete Amaiara bertaratzen direnei: Borodinen Igor Printzea, Tchaikovskyren Zisneen Lakua, Schönbergen Miss Saigon, Oi Bethlehem herrikoia eta Häendelen Hallelujah.
Atzerriko musikagileen lanez gainera, bandak Juan Arzamendi arrasatearrak konposatu zuen Arrasate Musikal pieza ere interpretatutako du. Arzamendik berak sortu zuen Arrasate Musikal duela 40 urte, eta obra horretan herriko musika eskolako giroa islatu gura izan zuen, "alaitasuna, talde lana eta adiskidetasuna", antolatzaileen esanetan.
Goikobaluk lagunduta
Flauta, oboe, klarinete, saxofoi, tronpeta zein fliskornoez gainera, ahotsak ere entzungo dira emanaldian. Izan ere, urte amaierako aurtengo kontzertuan Iñaki Maidaganen gidaritzapean kantatuko duen Goikobalu Abesbatza alboan edukiko dute 2012a agurtzeko bandako kideek.