Gaztetxean lau taldek konpartitu zuten eszenatokia Screamers and Sinners, Rat-Zinger, Arkada Social eta Des-Kontrol. Guztira 470 sarrera inguru saldu ziren kontzerturako, beraz Naiararen familiak laguntza ekonomiko polita jaso zuen atzo ospatutako kontzertuari esker. Jaialdiaren balorazioa guztiz positiboa izan zen, gaztetxera hurbildutakoak gau polita bizitzeko aukera izan zuten eta taldeetako musikariak oso pozik amaitu zuten gaua Naiarari musika joaz laguntzeko aukera izanagatik.
Taulara igotzen lehenak Screamers and Sinners psychobilly taldea izan zen, kontzertu bizi eta ikusgarria eskaini zuten hauek. Bigarrenak Des-Kontrol taldekoak izan ziren eta gaztetxean hauek ikusteko gogoa zegoela nabari zen. Giro aparta sortu zuten eta kontzertu potentea izan zen arrasatekoena. Bilboko Rat-Zinger izan ziren hirugarrenak eta ohikoa den bezala ikuskizun indartsua eskaini zuten, Arrasatera gustura etortzen direla argi dago. Eta amaitzeko Arkada Social taldea igo zen eszenatokira, ordurako ikusle guztiak bero zeuden eta dantzan eta abesten pasatu zuten kontzertu osoa. Gainera, Arkada Socialekoek sorpresa bat utzi zuten amaierarako, Naiararekin laguntasuna erakusteko, Iñigo Zubizarreta, S.A. taldeko gitarristak Sucias Entrañas kantua jo zuen Arkadakoekin batera.
Esan bezala balorazio oso positiboa egin du Hodei Beitiak, antolatzaileetako bat, eta guztira 2,000 euro inguru lortu ziren atzo Naiara eta bere familiaren bizitza errazten laguntzeko.