Arrasateko Udalak 33,5 milioi euroko aurrekontu orokor finkatua izango du 2013an

Txomin Madina Milikua 2012ko abenduaren 27a

Gaur arratsaldean egindako osoko bilkuran onartu du Arrasateko udalbatzak datorren urterako aurrekontua. Udal Gobernua osatzen duten Bildu eta Aralarko zinegotzien aldeko botoekin irten da aurrera aurrekontua. PSOEk eta EAJk kontra bozkatu dute eta PPko zinegotzia ez da osoko bilkuran egon. PSOEk hamazazpi emendakin aurkeztu dizkio aurrekontuari, baina batek ere ez du aurrera egin.

Udal gobernua osatzen duten Bilduko eta Aralarko hamabi zinegotzien aldeko botoekin eta osoko bilkuran egon diren EAJ eta PSOEko zazpi zinegotzien kontrako botoekin onartu dute gaur Arrasaten 2013rako udal aurrekontua. 33.569.096,32 milioi izango da, iaz baino %3,77 gutxiago. Udal Gobernuak landutako aurrekontuaren memorian azaltzen dutenez, aurrekontua herriko sektore publikoan eragin handia duen krisialdi ekonomikoko marko batean dago eta eragin hori bereziki nabarmendu da baliabideen eta gastuen arteko desorekan. Horrek guztiak ezinbestean egokitzapenak egin beharra dakarrela gaineratzen dute.

Aurrekontu orokor finkatu horretatik ia 30 milioi euro Udalaren aurrekonturako izango dira, 1,6 milioi euro Aukearako eta 3,5 milioi euro Iturbide egoitzarako. Hiru atal horiek batuta eta barne transferentziak kenduta lortzen dena da aurrekontu orokor finkatua.

                                                                                 (Datuak milaka eurotan)

Iraia Sola udalbatzan Bilduren bozeramailearen esanetan, aurrekontua lantzeko orduan  erronka nagusia egungo zerbitzuak mantentzea eta ahal den heinean hobetzea izan da, baita gastu eta sarreren artean oreka bilatzea ere.

Aurrekontua batzordeka

                                                              (Datuak milaka eurotan)

Alorrei dagokienez, Solak azaldu du lehentasuna gizarte ongizate saila izango dela: “Partida zabal bat izango du, beharren arabera handituko dena”. Inbertsioei dagokiene, 3,5 milioi euro erabiliko dituzte horrtarako., Iraia Solaren esanetan ez da inbertsio handirik aurreikusten; faseka doazelako inbertsio txikiak  eskatzen dituzten egitasmoetara bideratuko da diru hori, esaterako azokaren inguruko egitasmora. Egingo den inbertsio handienetakoa gizarte ongizate zerbitzuen bulegoak lekuz aldatzea izango dela gaineratu du.

Jeltzaleak eta sozialistak, aurka

EAJko lau zinegotziek aurrekontuaren kontra bozkatu dute. Ogasun batzordean dagoen Maria Ubarrenetxea zinegotzi jeltzaleak azaldu du gaur onartutako aurrekontuak ez duela islatzen Arrasateko gaur egungo egoera: “Iazko aurrekontuarekin alderatu dugu eta ia-ia kalkamonia bat da; eta egoerak asko egin du txarrera. Aurrekontu batek egungo panorama islatu behar du”.

Krisiaren ondorioz diru baliabideak jaitsi direla onartu arren, Ubarrenetxeak planteatu du, esaterako, atez atekoaren harira Mankomunitaterako bideratuko den dirua herrian bertan erabiltzeko. “Lehentasunekin ez gatoz bat” azaldu du zinegotzi jeltzaleak.

Jeltzaleek bezala, sozialistek ere aurrekontuaren kontra bozkatu dute. PSOEko bozeramiale Aritz Arrietak aurrekontu berria kontinuista dela esan du eta berez ez duela berritasunik aurkezten. Hamazazpi emendakin aurkeztu dizkiote sozialistek aurrekontuari; azaldu dutenez, batez ere ongizate arlora bideratutakoak.  Emendakinek sozialisten euren babesa jaso dute: EAJ guztietan astenitu egin da eta udal gobernuak kontra bozkatu du. Arrietaren esanetan baina, orain onartu ez arren  baliteke datozen hilabeteetan batzordeetan emendakin horietan planteatutakoek aurrera egitea.

Urtarrilaren 12ko manifestaziorako deia

Aurrekontua ez ezik, hainbat mozio ere izan ziren hizpide atzoko osoko bilkuran. Esaterako Bilduk eta Aralarrek presoen eskubideak aldarrikatzeko eta Urtarrilaren 12an Bilbon egingo den manifestazio joateko deia egiten zuen mozioak aurrera egin zuen bi alderdietako zinegotzien aldeko botoekin. Sozialistek kontra bozkatu zuten eta EAJkoak astenitu egin ziren, azaldu zutenez aldarrikapenarekin bat egin arren, ez dutelako bat egiten planteatutako estrategiarekin.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak