Kaleko ekintzei dagokienez behintzat, dantza ikuskizunarekin amaitu da Santamas eguneko egitaraua Arrasaten. Egun ederra eta primerako giroa izan da. Kaleak jendez betena, bertakoekin eta kanpotik etorritakoekin. Asko eta asko, ohiturari jarraituz, baserritar jantziak soinean zituztela eta eguraldia lagun, egunaz ez disfrutatzen aitzakiarik ez da izan Arrasateko kaleetan.
Goizean goizetik ez da girorik falta izan Arrasateko kaleetan. Atzo motorrak berotuta eta Luixifer txerria ezagutu ondoren, iritsi da egun handia. Baserritar jantziak soinean jantzita, kalera irten eta ongi pasatzeko ordua iritsi da.
Karmelo Alberdi Udaleko Kultura teknikariak oso balorazio positiboa egin du Santamasen aurreneko orduez. "Horren goiz hainbeste pertsona kalean egoteak harritu eta poztu nau". Bestalde, Arrasate kanpoko jende ugarik ere bat egin dute jaiarekin, eta horren erakusgarri, Oñatitik etorri diren autobus ezberdinak beteta etorri direla, esaterako.
Fruta eta Barazki azoka jendetsua
Seber Altube plazako Fruta eta Barazki azoka jendez beteta egon da. Askok begiratu bakarrik egin arren, poliki-poliki saltzen ere hasi direla aipatu diete saltzaileek Goienako lankideei. Besteen artean, saldu dute gehien. Lehiaketa sari banaketa ere egin dute.
Sari banaketa
- Barazki lehiaketa 1. saria: Mariasun Iturbe (Arrasate)
- Barazki lehiaketa 2. saria: Esozi Etxebarria (Soraluze)
- Fruta lehiaketa 1. saria: Maria Etxezarreta (Gabiria)
- Fruta lehiaketa 2. saria: Pakea Galdos (Gabiria)
- Herriko saltokirik onena: Rakel Perez de Arenaza
- Herriko 2. saltokirik onena: Maria Arana
- Herriko 3. saltokirik onena: Gaizka Olabarrieta
- Barazki Ekologikoak: Jose Lonbide (Aramaio)
Geroz eta animazio gehiago
Geroz eta jende gehiago izan da kaleetan orduak pasa ahala, egitarauko hitzordu ugariekin gozatzen: Iturengo Joaldunak kaletik aritu dira, Arrostaitz dantza taldeak erakustaldia eskaini du Herriko Plazan, herri kirolak egin dituzte Zaldibarren...