Zabaldu dute Axerikoa zubia

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko abenduaren 22a

Oinezkoentzat eta trafikoarentzat zabalik dago Arrasateko Musakolako sarrera, izan ere, amaitu dituzte zubiko lanok. Zirkulazioa ere normaltasunera itzuli da.

Axerikoa zubi berriaren ezaugarri nagusiak bistan dira: lehengoa baino zabalagoa da, gainetik zein azpitik.
Gaineko parteari dagokionez, bereziki oinezkoei egingo die mesede (Axerikoa baserrikoek batez ere), zubi berriak albo bietan izango duelako espaloia. Zubi zaharrak, berriz, ez zuen espaloirik Musakolako ermitaren aldean.

Epeak errespetatuta

Uztailean Axerikoa zubia bota zutenetik, lanak erritmo onean joan dira eta Udalak gogora ekarri gura izan du lanen epeak "zorroztasunez" bete direla eta aurreikusitako datan hasi eta bukatu direla. Gogorarazi dute, era berean, lanok Eusko Jaurlaritzako Ur Agentziak gauzatu dituela, gune horretako uholde arriskua ekiditeko.

Zirkulazioa normaltasunera

Obren eraginez, Arrasateko Musakolako sarrera moztuta egon da eta Aretxabaletatik zetozenak Osina aldera ezin izan dira sartu lehen sartzen ziren lekutik. Horiek Kaskonategiko biribilgunera (Eroskikoa) joan behar izan dira eta bertan buelta hartuta sartu dira Osina aldera. Garraio publikoan ere eragina izan dute obrek, baina dagoeneko moztuta zeuden sarrerak zabaldu dira eta trafiko guztia normaltasunera itzuli da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak