Udal aurrekontuak, oposizioak ikusita

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko abenduaren 21a

Hilaren 26an osoko bilkuran bozkatuko dituzte 2013ko aurrekontuak, eta une honetan, batzordeka ari dira lantzen diru-kontuak.

Abenduaren 13an prentsaurrekoa egin zuten Inazio Azkarragaurizar alkateak eta Iratxe Zeziagak Ogasun zinegotziak Udal aurrekontuen harira.

Zenbait gairen artean, egoera zaila izanik ere, orain arteko lehentasunei eusteko asmoa agertu zuten alkateak eta zinegotziak. Diruari dagokionez, iazko antzeko kopurua bideratuko da Arrasate kudeatzeko; hau da, 30 milioi euro inguru. Udal aurrekontua, batzorde bakoitzetik pasa da berezituta eta horiek lantzen dihardute taldeek. Haiek eginiko proposamenak hilaren 26n bozkatu dira osoko bilkuran.

PSE-EE, gaia lantzen

Goienan gainerako taldeen iritzia jakin gura izan dugu eta oposizioko alderdiekin ipini gara harremanetan.

PSE-EE taldeko Paco Gartzia zinegotziak adierazi digunez, proposamena bere osotasunean ari dira lantzen. "Oraindik ez dugu baloraziorik egin nahi, goiz dela uste dugu, eta osotasunean ari gara aztertzen beraien proposamena. Dena den, iniziatibak eramango ditugu hilaren 26ko osoko bilkurara, eta ikusiko dugu zer gertatzen den horiekin." Horren ostean balorazioa egingo dutela esan digu Gartziak.

EAJ kritiko zenbait arlorekin

EAJ taldeak bere iritzia eman du asteon aditzera eta aurrekontuen proposamenaren harira prentsa oharra bidali.

"Aurten, EAJ taldeak hala eskatuta, batzorde bakoitzetik pasa da 2013ko aurrekontua, berezituta". Hilaren 26ko osoko bilkurara proposamenak eraman ditzakete alderdiek. "Gure taldeak aurrekontuen gainean ez du proposamen zehatzik egingo, izan ere, zentzugabekeria ikusten dugu emendakinak proposatzea han eta hemen, osotasunean egin den planteamenduarekin ados ez bagaude".

Udal Gobernuak, besteen artean, enplegua lehentasunen artean dituela adierazi zuen. EAJk prentsa oharrean horrela jaso du: "Enplegua? Enplegu sustapena % 85 murrizten du eta enpleguari lotutako pertsonalaren kostua %43. Gobernu organoen kostua aldiz, legealdi honetan, 132.284 eurotan (+%55) igo da - liberatu gehiago daudelako- eta Alkatetzaren marketing-erako konfiantzazko pertsonaren kontratazioak eraginda. Agian Gobernu Taldearen marketing-a enpleguaren sustapena baino garrantzitsuagoa izango da?".

Inbertsioei dagokienez, EAJk honakoa gaineratu du hedabideei bidalitako oharrean: "Baina herrian inbertsioak egiteko ez dagoela dirurik dio Gobernuak; ez Zerrajerako Erlojuaren Eraikuntzan Arrasateko kultur taldeentzat lokal duin eta seguruak atontzeko, ez proiektu estrategikoak aurrera eramateko…"

Bi eskaera egin diote Udal Gobernuari": "Fundamentuzko Plan Estrategiko bat burutzea, nora goazen jakin dezagun. Bestetik, ganorazko analisia, ondo definitutako urteroko gestio plana eta ondo ezarritako epeekin".

Abenduaren 26an osoko bilkuran jarraituko du 2013ko Udal aurrekontuen gaiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak