Malen Ruiz de Azua: "Polita da errekorrak gainditzea; ondorengoek onduko dituzte gureak"

Xabier Urtzelai 2012ko abenduaren 21a

Arrasatear gehienok gertu ditugu Santamasetarako baserritar jantziak. Baina Jonathan Perezen aginduetara lanean dabiltzan Arrasateko jauzilariek Anoetan igaroko dute jai-eguna, entrenatzen [Neguan zailtasunak izaten dituzte Mojategin, pista bustita egoten delako]. Hala, Anoetan izango da joan den astean pertika saltoan gazte mailako Espainiako errekorra ondu zuen (3.86 metro) Malen Ruiz de Azua (Arrasate, 1995). Atletismoko harribitxi, entrenatzaileak sarri azpimarratu du 17 urteko neska honek dituen dohain fisikoak: "Baina pertikan burua oso garrantzitsua da, salto egiteko beldurra gainditzea ezinbestekoa delako, eta Malenek ez du beldurrik", diosku entrenatzaileak.

Zer esan nahi du Espainiako errekor bat gainditzeak?
Erakusten du poliki-poliki bagoazela aurrera, eta egiten dugun lanak bere emaitzak ematen dituela. Gauza polita da, horrek esan nahi duelako atzetik beste norbait etorri arte zu izango zarela marka horren jabe. Ea noiz arte irauten duen.

Izan ere, markak behin eta berriro gainditzen dituzue kirolariok.
Bai, eta pertika saltoan batez ere. Azken batean kirol modalitate nahiko berria da, geroago eta jende gehiago dator atzetik eta hobekuntzak etengabekoak dira. Material berria, pertika hobeak, entrenamendu ezberdinak... Orain egiten ditugun errekorrak atzetik datozenek onduko dituzte.

Dena dela, oraindik baduzu gazte mailan ezarri berri duzun marka hori ontzeko beste aukera bat. Ze espero duzu hitzordu horretatik?
Bai, abenduaren 27an beste txapelketa bat dugu, eta ondo legoke marka berri bat ezartzea. Izan ere, gazte mailan egingo dudan azken txapelketa izango da, 2013an junior mailara pasako naizelako. Orain hasi gara karrera berria hartzen [saltoa egin aurretik korritu behar izaten duten distantzia] eta baliteke horrekin arazoak izatea. Bestalde, Maialenek [Axpe] ekarri berri duen pertika probatuko dugu asteburuan, eta ea zelan moldatzen garen. Baina bai, ederra litzateke marka berria egitea.

Malen Ruiz de Azua, Jonathan Perez entrenatzaileaz, eta Istar Dapena taldekideaz

Anoetara joango zarete asteburuan; lagunak, berriz, Santamas jaietan murgilduta ibiliko dira...
Bai, gogorra da, azken batean gauza askori esan behar izaten diogulako ezetz, eta sarri geratzen gara penaz. Esaterako, ikaskideak ikasbidaian egon berri dira, baina nik nahiago izan nuen beste atleta askorekin batera Leonen egin genuen kontzentraziora joan, entrenatzera.

Eta kontzentrazio horrek emaitza onak eman zituen, errekorra etorri zelako ondoren.
Bai, eta oso gustora egon nintzen Leonen, gainera. Oraingoan esfortzuak saria izan du, baina beti ez da hala gertatzen.

Egun seinalatuak datoz, bapo jan eta edatekoak. Etxean menu berezia egingo dizute?
Ez dut uste, baina zaindu egin beharko dut jaten dudana, bai. Gainera, etxeko guztiak amamaren etxean batzen garenean ondo jateko joera izaten dugu [Barre]. Zorionez, baina, ez naiz oso gozo-zalea.

Pista estaliko denboraldia hasi baino ez duzue egin...
Bai, denboraldi hasiera da, baina gazte mailako kategorian egingo ditudan azken egunak dira.
Esan nahi dut, baina, denboraldi hasieran errekorrak hausten ari bazara, uztailean zer egiteko gauza izango zara?
Beno, helburua da 3,95 metroko marka egitea, hori delako uztailean [18tik 21era arte] Italian egingo duten Europako Txapelketan egoteko behar dudan gutxieneko marka. Hori lehenbailehen lortuz gero gainontzeko txapelketak presio gabe egin ahal izango ditut, gozatuz. Eta lau metroko markatik gertuago egoten banaiz, hobeto.

Lekutan dago uztaila, aire librean ibiliko zarete orduan...
Bai, baina neguan pista estalian egiten ditugun markak baliagarriak izaten dira aire libreko denboraldirako.

Aipatu duzu pertika saltoan jardutearren hainbat gauza baztertu behar izaten dituzula. Eskertzekoa izango da, baina, herrikideekin entrenatu ahal izatea.

Duda barik, laguntasun handia ematen du gure artean dugun giro onak. Gutako norbait burumakur badago besteon artean laguntzen saiatzen gara, eta hori eskertzekoa da. Lehen aipatu dut lagunekin hainbat gauza alde batera utzi behar izaten ditugula, baina entrenatzera gustura etortzen gara, hemen ere lagun artean egoten garelako.

Eta pertika saltoa alde batera utzita, ze zaletasun duzu?
Oso kirolzalea naiz, eta adibidez, eskiatzera joateko amorratzen nago. Baina, ez da posible, min hartzeko arriskua dugulako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak