Noiz sartu zinen Arrasateko Pilota Elkartean?
7 urte nituenetik nago elkartean sartuta. Pilotan jokatzen hasi nintzen momentuan sartu nintzen Arrasateko Pilota Elkartean, beste guztiak bezala, baina orain, entrenatzaile eta epaile izanda, gurasoekin eta elkarteko buruekin tratu handiagoa dut.
Pilotan jokatzeari noiz utzi zenion?
Duela bi urte utzi nion jokalari aritzeari. Bizkarreko arazo bat izan nuen, hernia txiki bat antzeman zidaten, eta, azkenean, nire bizitza pertsonalean ere eragin egiten zidan min horrek. Bizkarreko mina nuen bakoitzean, hilabete pasatzen nuen minez eta herrenka. Medikuek pilota txapelketak alde batera uzteko aholkatu zidaten, baina, pilota hain gustuko nuenez, ez nuen nahi pilota guztiz laga, eta horregatik hasi nintzen umeak entrenatzen.
Noiz hasi zinen epaile lanetan?
Duela urte eta erdi hasi nintzen. Lehenengo urtean atera nuen txartelarekin, Arrasaten bakarrik egin nezakeen lan. Aurten, ordea, elkarteko presidenteak aholkatuta, maila bat goragoko txartela atera dut, eta horrekin, afizionatu mailan, inguruko herrietan ere egin dezaket lan.
Gazteak entrenatzea zaila da?Gaur egungo gazteak pilotan entrenatzea erraza dela uste duzu?
Bai, nik uste dut gaur egun umeen arreta erakartzeko lan handiagoa egin behar dela. Edozerekin oso azkar entretenitzen dira eta kasu egitea lortzeko behin eta berriro errepikatu behar zaie egitekoa. Oso independenteak dira eta euren gainean egon behar da norberari arreta jartzea lortu nahi baduzu.
Erraza da Arrasateko gazteak pilotara erakartzea?
Aurten, egia esan, inoiz baino gazte gehiagok eman dute izena; zehazki, 66k. Uste dut azkenengo 20 urteetan izan dugun gazte kopuru handiena dela aurtengoa. Horren arrazoia da Pilota Elkarteko zuzendaria eta ingurukoak oso lan ona egiten ari direla.
Pilota jokalari moduan zein lorpen lortu zenituen?
Lopen garrantzitsuena 2007ko herri arteko pilota txapelketa izan zen, zalantzarik gabe. Nik neuk bizi izan dudan finalik onena izan zen. Beste txapelketa batzuk ere irabazi izan ditut, Gipuzkoako txapelketa, esate baterako, beste arrasatear batekin batera, baina garrantzitsuena, duda barik, Gipuzkoa maila osoan herri arteko txapelketakoa izan zen.
Santamas arratsaldean pilotalekuan jaialdia ikusten ala tabernaz taberna hobeto?
Jaialdian epaile moduan lan egiteko eskatu zidaten, baina, lagunekin bazkaria daukadanez, ezetz esan nien. Izan ere, astero lagunekin irteterik ez daukadanez, bada, herriko jaietan lagunekin irtetea gustatzen zait.
Gabonetan zer egiteko asmoa duzu?
Lana topatzearekin nahiko arduratuta nabil azken aste hauetan, baina, bestela, eskiatzera joango naiz egun batzuetarako eta gainontzeko egunak familiarekin pasako ditut bazkari eta afarietan. Baina garrantzitsuena lana topatzea da.
Pilotalekutik kanpo beste zein zaletasun dituzu?
Mota guztietako kirolak praktikatzea oso gogoko dut. Baina gehien gustatzen zaidana txakurrarekin mendi buelta bat egitea da. Pixka bat deskonektatzeko. Betidanik egin izan dudan gauza bat da. Horretaz gainera, ordea, lagunekin kalera irtetea eta neskalagunarekin plan desberdinak egitea ere asko gustatzen zait.
Beste oharrik?
Neskalaguna zoriondu nahi dut, eta asko maite dudala esan.