Jolas egiteko eta amets egiteko egunak iritsi dira

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko abenduaren 21a

Egun bereziak izaten dira askorentzako aurretik ditugunak eta zer egin egoten da Gabonetan. Izartsua taldeak 'Belena bizi izaten' erakusketa irekiko du bihar, eta astelehenean iritsiko da Olentzero, besteen artean.

Egun bereziak izaten dira, askorentzako, aurretik ditugun hauek. Jaiegunak direla-eta, aisialdirako tarte luzeagoa dugu. Olentzero ate joka dabil, eta asko hasiak dira eskutitza idazten...

Jaiotza, diorametan

Gabonetako apaingarrien artean, jaiotza gustuko izaten dute askok. Izartsuak, Arrasateko Belenzaleen Elkarteak, erakusketa irekiko du Santamas egunez San Frantzisko elizan, eta urtarrilaren 6ra arte egongo da ikusgai. Jaiotza hebrearra da, eta hamaika dioramaz osatuta dago: Deikundea, Ikustaldia, Jaiotza eta beste zortzi eszena jasotzen dira.

Duela 14 urte hasi ziren jaiotza ipintzen, Arantza Alonso elkarteko lehendakariak esan digunez: "Kalean ipintzen genuen hasieran, baina duela bi urte elizara ekarri genuen, apurtu-eta egiten zutelako". Gaur egun formatu txikiko jaiotzak egiten dituzte, kutxatan, agerraldika sartuta: "Lan handia eskatzen du, eta urtez urte eszenak gehitzen goaz".

Ikazkinaren bisita

Olentzeroren bisita jasotzeko ere gutxiago geratzen da. Urte osoan txintxo portatu diren neska-mutilak sarituko ditu ikazkinak, eta gainerakoei, ikatz poltsa ekarriko die. Abenduaren 24an, goizean, eskutitzak batuko dituzte Txoronpiok eta Txoronpiak, eta, Seber Altubera iristean, 13:00etan, musikariz lagunduta kantuan arituko dira; herritarrak gonbidatu dituzte parte hartzera.

Bi mezulariak Martin Abadek lagunduta joango dira oraingo honetan, eta, hura nor den ezagutzeko, ipuin kontaketa egingo dute Kulturaten bezperan, 18:00etan. "Haurrentzat pentsatua badago ere, helduak ere ongietorriak dira". Hala esan digu Jokin Zubiriak, Santamas Komisiñoko kideak.

Olentzero egunerako eskaera berezia egin die herritarrei Zubiriak; hain zuzen, karroza inguruan doazen dantzari, musikari eta haurrei: "Baserritar jantzita joan daitezela. Beraz, Santamasetako arropak hurrengo urterako gorde beharrean, erabili egun horretan ere!".

Urtea jolasean hasi

Behin urte zaharra agurtuta, haur eta gazteek 2013ari jolasean egingo diote ongietorria. 22 urte dira Txatxilipurdik Txikilandia antolatzen duena, eta, urtero, 1.500 pertsonak gozatzen dute jolas parkeaz. Antolaketa lanak irailean hasi, eta urtarrilaren 3tik 5era izango da hitzordua.

Urte askoan kiroldegian elkartu ostean, iaztik Uarkapen antolatzen dute Txikilandia. Iazko prezio bera mantenduko dute, gainera: 10 euro, 0-3 urte arteko haurren bonua; 14 euro, 4-12 urte artekoena. Txatxilipurdiren egoitzan eros daitezke aurrez.

Berritasunez josita dator hitzordua: puzgarri gehiago egongo dira eta gazteek ekintza propioak izango dituzte. "Balantze bike handietan eta rokodromoan aritzeko aukera izango dute eta serigrafia tailerra gaztetxeko kideekin". Bi gune berri ere egokituko dituzte: sorkuntza txokoa batetik eta familia eta ipuin txokoa bestetik.

Euskaraz jolas egiteko eta hezteko hitzordu arrakastatsuaren beste edizio bat, esku-eskura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak