Santamas bezpera musikaz blai dator. Atsaldetik gauera bitartean hitzordu ezberdinak aurkituko ditugu, gustu guztientzako, gainera.
Portaloi taldekoak herriko kaleak alaitzera irtengo dira eta bertan, gizon eta emakumeek askotariko kantuak intonatuko dituzte giro paregabea sortu asmoz. Portaloian elkartu dira 19:00etan eta kalez kale joango dira ondoren.
Ordu berean hasiko da bertso desafioa. Arrasateko Bertso Eskolako eta Gaztetxeko bertsolarien arteko desafioa izango da eta herriko kale eta tabernetan zehar. Bat-batekotasunean nor baino nor trebeago den erakutsiko dute lagunarteko norgehiagokan.
Haitzama taldearen txanda izango da ondoren. Erromeria giroa sortuko du Herriko Plazan, eta dantzaldia eskainiko dute hala, 20:00etatik aurrera.
Azkenik, hitzordua gaztetxera lekualdatuko da, eta Never Surrender taldeak Bide zuzenetik oker lan berria aurkeztuko du. Ordu eta erdi iraungo duen doako emanaldia eskainiko dute, hala, arrasatearrek.
Santamasetako motorrak berotzeko, modu bikaina.