Gorantz Erori, Koolturren

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko abenduaren 20a

Koolturreko hitzordu berri batekin gozatzeko aukera egongo da gaur gauean Arrasateko Gaztetxean. Elorriotik etorritako Gorantz Erori taldeak barneraino sartzen diren kantuak gitarreroak eskainiko dizkie bertaratzen direnei.

Mursegoren doinuek hartu zuten pasa den eguenean Arrasateko Gaztetxea eta eibartarraren ostean,  Elorrioko Gorantz Erori taldea izango da Kooltur Ostegunetako gonbidatua.

Antolatzaileek taldeari buruzko xehetasun gehiago eman dizkigute: "Proiektu hau orain dela gutxi arte Antton moduan zen ezaguna, baina gero eta talde izaera handiagoa hartu duenez Gorantz Erori moduan hasi dira ezagutzera ematen".

Elorrioko Lor taldeko Landerrek eta Anttonek sortutako bikote proiektua zen hasiera batetan eta azkenean, talde bihurtu da. "Eta antzematen bada ere bakarlari trazako proiektua zela, kantuek instrumentazio eta garapen handia dute".

Antton izenarekin, "Gorantz Erori izeneko disko dotorea" kaleratu zuten iaz. "Pop-rock gitarreroa eta new wave-eroa aurki dezakegu". Diskoa entzun dutenek, oso melodia landua egiten dutela esaten dute, "eta asko transmititzen duten euskarazko kantuak aurki daitezke bertan".  Hori bera eskaintzera etorriko da Gorantz Erori gaur Arrasateko Gaztetxera, 22:00etatik aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak