XXI. mendeko euskaldunak. Nola aldatzen diren gauza, kamarada! Halaxe deitzen zen Kike Amonarrizek prestatutako hitzaldia, eta jende ugari bertaratu zen Kulturateko areto nagusira gipuzkoarraren berbaldia jarraitzeko. Ia bi orduko saioa eskaini zuen, umorea galdu barik, ideia ugari plazaratu zituen entzuleen aurrean. Bi norabidetako berbaldia izan zen gainera, entzuleekin hartu-emana eduki baitzuen.
Ideia zaparrada
XIX. mendetik gaur egunerako istorioak kontatu zituen Amonarrizek atzoko berbaldian eta errepasoa egin zuen euskarak bizi izan dituen eta bizi dituen egoerez."Hizkuntzak ulertzeko moduak aldatu dira. Mundua bera eta gure ingurua ere aldatu da". Hala hasi zen tolosarra.
"Normalizazio prozesuak aurrera egin ezean, gurea dekorazio hizkuntza bilaka daiteke". Baldintza soziolinguistikoak ere aldatu direla adierazi zuen: "Etxeko zein kaleko giroa ez dira orain 80, 50 edo 20 urte zirenak". Adibide moduan ipini zuen frankismo garaian euskaraz aritu ezin arren, asko elebakar zirela. "Egun ez dugu elebakarrik topatuko gurean".
Bestalde, euskara moduko hizkuntza gutxituak aipatu zituen. "Gure txikitasunean ez gara horren txikiak eta erreferenteak ere bagara gure antzeko egoeran dauden beste hitzkuntza batzuekin alderatuta". Euskara eta biziraupena eskutik doazela adierazi zuen.
Euskarak bizi duen arazoa beti egon dela esan zuen. "XIX. mende hasieran idatzitako testu batzuetan ere kexatzen ziren euskara zabarra baliatzen zutela batzuek. Ez da berria egoera". Gainera, "originalak ere ez gara. Badaude aditu batzuk frantsesaren egoera kaxkarra adierazten dutela, edota ingelesa galtzeko bidean daudela esaten dutenak..."
Gazteei begiratua
XXI. mendeko euskaldunak ere ahotan hartu zituen. "Gazte gehienek badakite euskaraz. Baina hizkuntza maila sarritan ez da nahikoa eta hiztun onek ere ez dakite ongi egiten".
Gazte hizkerak daudela gogorarazi zuen. "Nahasten diren hizkerak dira, anitzak, transgresoreak, adierazkorrak, talde nortasunaren parte. Eta horrek, jarrara kontrajarriak eragiten ditu".
"Bestalde, euskara oso ongi ez dakiten pertsonak, saiatu egiten dira euskaraz berba egiten. Eta badago zuzendu eta zuzendu ibiltzen diren pertsonak, eta gurako zutenaren kontrako efektua lortzen dute; hau da, saiatzen ari dena nekatu eta gaztelania hutsez berba egitera bultzatzen dute". Gomendioa ere eman zien Amonarrizek bertaratutakoei. "Maitasun platonikoa daukazu, hamar urte daramatzazu bere atzetik, eta azkenean afaltzera gonbidatzen zaitu. Kandela eta guzti, une erromantikoan esaten dizu: Maite dizut. Ez zuzendu, ez da eta unea!"