Mallorkakoa da. Andaluziar eta mazedoniar odolekoa. New Yorken bizi izan zen, eta, orain, Bartzelonan eta Londresen bizi da. Thank You For The Boots aurkeztera dator Debagoienera, Arrasatera, abenduaren 28an; eta ez ez da inozentada, egia da.
Vangel Makovski Palman finkatutako multi-instrumentistaren alaba izaki, Maika musikaz elikatu da ezinbestean. Denetik edatea gustatu zaio: Stooges, Damned, The Cramps, Dead Moon, Son House, Skip James edo Deltako blueseko beste klasiko batzuk. Ezin ukatu ordea Prince, Neil Young, Serge Gainsbourg edo PJ Harvey-ren influentziak bere estrofa eta gitarra rif-etan. Agian, horietako ezer ez da nabarmenduko haren disko berriko abestietan, eta, halere, han dago dena, nonbait ezkutatuta, entzuleari iradokitzen, xuxurlatzen, hamar urte barru ere haren soinu-bandan izango dela. Ezin du ukatu, aurkitu du bere helmuga.
Mery May zuzenean
Irlandako odola daukan musikari arrasatear gaztea ere Amaia antzokiko agertokian ikusiko dugu. Danbaka lehiaketako epaimahaiaren kritika bikainak jaso zituen erakutsitako freskotasunagatik eta dotoreziagatik. Gabonetan grabatuko du bere bigarren diskoa, Iñaki Bengoaren SHOT estudioan.