Abenduaren 13ko prentsaurrekoan Udalaren egoera ekonomikoa hartu zuten ahotan, orain arteko lehentasunei eusteko konpromisoa hartu zuten, eta besteen artean, aurrekontua batzordeka landu dutela eman zuten jakitera. Arrasateko EAJ taldeak erantzuna eman du ohar baten bidez:
EAJren erantzuna osorik
Hona hemen EAJren erantzuna, oso-osorik:
"Aurten, EAJren taldeak hala eskatuta, batzorde bakoitzetik pasa da 2013 ko aurrekontua, bereiztuta. Orain asmoa da, oposizioko alderdiek proposamenak egitea eta abenduaren 26an egingo den osoko bilkuran aurrekontu horiek onartzea.
Gure taldeak aurrekontuen gainean ez du proposamen zehatzik egingo, izan ere, zentzugabekeria ikusten dugu emendakinak proposatzea han eta hemen, osotasunean egin den planteamenduarekin ados ez bagaude. Tiritak zauri txikiak estaltzeko bakarrik balio dute eta.
2013 ko aurrekontuak (partida gutxi batzuk ez ezezik) 2012koaren oso antzekoak dira. Eta 2012koak, 2011koen antzekoak... eta horrela jarrai genezake urteak atzera; erderaz esaten den bezala “corta y pega”.
Baina gure errealitatea ez al da ba aldatu? Ez al da Arrasateren egoera azkenaldian erabat desberdina? Eta errealitate desberdin honi aurre egiteko azken urteotako aurrekontu “berdintsuak” erabiliko ditugu?
Gobernuak, egoera ekonomikoa deskribatzeko, krisialdiak eragindako Foru Fondoaren bilakaera negatiboa, Udal Legea eta diru-laguntza programen murrizketa izan ditu hizpide.
Lehentasunei eusteko konpromisoa hartu dutela esan dute. Gobernuarentzat lehentasunak hauek direlarik: parte hartzea, mugikortasuna, enplegua, euskara, kultura eta hondakinen kudeaketa.
Enplegua? Enplegu sustapena % 85ean murrizten du eta enpleguari lotutako pertsonalaren kostua % 43an. Gobernu organoen kostua aldiz, legealdi honetan, 132.284 €tan (+%55) igo da - liberatu gehiago daudelako - eta Alkatetzaren marketing-erako "konfiantzazko" pertsonaren kontratazioak eraginda. Agian Gobernu Taldearen marketing-a enpleguaren sustapena baino garrantzitsuagoa izango da?
Atez-atekoaren ezarpenerako +450.000 eurotan gehitzen da Mankomunitatera egiten de diru transferentzia, legealdi honetan.
Baina herrian inbertsioak egiteko ez dagoela dirurik dio Gobernauk; ez Zerrajerako Erlojuaren Eraikuntzan Arrasateko kultur taldeentzat lokal duin eta seguruak atontzeko, ez proiektu estrategikoak aurrera eramateko… krisia dago eta badakizue, xoxak faltan eta lehentasunak argi izan behar ditugu! Zeresanik ez dago, EAJ taldearentzat atez atekoaren ezarpena adibidez, inondik ere ez dela herriarentzako inolako lehentasuna.
Inbertsioak: 2.670.000€, aurten esleitutakoarekin alderatuta %20 gutxiago eta gainera zifra horretatik %70 "mantenketara" bideratzen da (informatika, artxibo berria, bulego berrizteak, etab). Horiek al dira herriak behar dituen inbertsioak?
Arrasate kudeatzeko 30 milioi euro inguru erabiltzen dira —Ez da diru gutxi!— pentsatuko duzue batzuk.
Ez, ez da gutxi. Eta horregatik jakin nahiko genuke zein den gobernu honek hurrengo urteetarako Arrasaterentzako daukan plana. Non dago plan estrategikoa? Non dago edozein enpresetan aplikatzen den gestio plana? Imaginatzen duzue zuen etxea eraikitzen hastea inondik inorako proiekturik gabe, gremioek zenbat kobratuko dizuen ustezko estimazio baten arabera egindako zerrenda batekin?
Bai, badakigu Udala Erakunde Publikoa dela, ez enpresa pribatua. Baina bere 220 langileekin, herriarentzako bideratua dagoen erakunde publikoa litzateke Udala, eta estrukturalki ordaindu behar diren gastuetaz aparte (10,5 miloi) suposatzen da Udalak herriarentzako onura ekarri behar duela.
Arrasatear guztiei galdetu beharko genieke, beraien diruaz “mantentzen” duten Udal honek onurarik ekartzen dien sentitzen duten edo ez.
Hau ikusirik, gure aldetik zera eskatzen dug:
- Fundamentuzko Plan Estrategiko bat burutzea, nora goazen jakin dezagun.
- Ganorazko analisia, ondo definitutako urteroko gestio plana eta ondo ezarritako epeekin. Hau da, kosteak eta estruktura erreflexatuko dituen aurrekontu erreal batzuk.
Beraz, jar gaitezen denok elkarlanean, Arrasateren etorkizuna bermatzeko".