Los Cretinos: "60ko hamarkadako punk doinuetan oinarritutako diskoa egin dugu"

Jagoba Domingo 2012ko abenduaren 20a

Los Cretinos taldeak, hamargarren urteurrenean, hirugarren lana kaleratu berri du. Bada, Addictus Sonitus diskoan, musikaren sustraietara joan dira eta estudio analogikoan grabatu dute, Jorge Explosion kontroletan zegoela. Hain zuzen ere, 12 kantu, 12 istorio eta 12 emozio punk eta garagearen irabigailutik pasatuta. Gu, horretaz guztiaz gehiago jakiteko, Jim TNT abeslari eta gitarra-jolearekin egon gara kretino hauen kobazulo ilun eta erreberberatuan.

Zer aurkituko dugu diskoan?

Agresibitatea, doinu itsaskor eta dantzagarriak, freskotasuna...Gustuko dugun musikaren koktel bat egin dugula uste dugu. Bertan, surfa, punka, garagea eta popa entzun daiteke, baina hau guzti hau gure edabe magikoan nahastu ondoren. Kantu gehienak gureak dira, Ramones taldearen bertsio bat kenduta, baina beste guztiak azken urteotan egindako kantuak dira. Horrez gain, Mi moda soy yo abestia berriz ere grabatu dugu, taldearen kantu onenetakoa dela uste dugulako eta analogikoan grabatu nahi genuelako; gainera, oraingoan, saxo eta guzti grabatu dugu. Izan ere, gau luze baten aurretik entzun beharreko diskoa dela uste dugu.

Zelakoa izan da grabazioa?

Bada, berezia. Circo Perrotti estudiora joan gara oraingoan, Gijonen dagoen estudio analogikora. Soinu berezia lortzeko asmoarekin joan ginen, eta merezi izan du. Hasieratik Jorge Explosionekin harremanetan jarri ginen, eta hark gure produktore izatea proposatu zigun. Guk baiezkoa eman genion; horrenbestez, lan honen parte garrantzitsu bat da. 

Ze-nolako esperientzia izan da?

Produktore moduan, gure esentzia garageroa azaleratu du. Kantu askotan detaile eta melodia asko aldatu eta bideratu ditu. Nahiko bitxia eta xelebrea da, baina bertan duen material analogikoari eta bere esperientziari esker, 60ko hamarkadako punk doinuetan oinarritutako diskoa egin dugula uste dugu. Emaitzarekin oso pozik gaude.

Masterra Zarautzen egin duzue.

Bai; nahasketekin amaitu ondoren, Jorgek egindako masterrari agresibitate edo potentzia puntu bat falta zitzaiola uste genuen. Beraz, harekin hitz egin ondoren, Mikel Kazalis-ekin harremanetan jarri ginen. Hark bi kantu masterizatu zituen proba moduan, eta asko gustatu zitzaigun emaitza; beraz, harekin amaitu dugu Addictus Sonitus.

CDa kalean, noizko biniloa?

Lehenik eta behin, diru kontuak parekatzen saiatuko gara, baina hurrengo urratsa hori da.

Orain, zuzenean diskoa aurkezteko ordua heldu da.

Bai, taula gainean energia transmititzeko ordua heldu zaigu! Ostiralean Iluntz tabernan aurkezpen ofiziala egin genuen. Urtarrilean 11n Bergarako Laino skate parkean izango gara; 12an  Gasteizeko Helldoradon izango gara Fleshtones taldearekin; 18an Antzuolako gaztetxean; eta 19an Arrasateko gaztetxean, Noise & Distort jaialdiaren barne.

-----------------

Zertzelada (Iker Barandiaran)

Luze jo du Jaimek eta Barbak zituzten ideak errealitatea bihurtzea. Aurreko diskoaren aurretik talde sendo eta egonkorra lortu zuten arrasatearrek Amaia eta Zabai esker, eta orduan buruan zituzten amets horietako batzuk gauzatu ziren. Baina lan honekin garage-rock-and-rolla erabat erdietsi eta gazteleraz –hastapenetako Sex Museumen traza handiarekin- zein ingelesesez kobazulokoa deritzon eta vintage hutsa den soinua lortu dute. Aipatutako Sex Museum, Cynics, Chesterfield Kings, Fuzztones, Wau y los Arrrghs… maite badituzu, hemen ere farfisa teklatuak gidatutako garage itsaskorra aurkituko duzu. Eta baita askoz pausatuago eta borobildutako ‘Wine bottle’ pieza ederra ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak