Matilde Martin: "Politikan egindako urte gogorrek erakutsi zidaten nor zen benetako laguna, eta nor ez"

Xabier Urtzelai 2012ko abenduaren 20a

Matilde Martinek (1952) 2007an utzi zion alderdi sozialistako zinegotzi izateari. Baina, duela urtebetera arte bizkartzainekin egin du eguneroko bizimodua. Ez du udaletxean egindako urteez oroitzapen onik: "Mehatxuak jaso nituelako, eta etxekoek ere asko sufritu zutelako". Eta ez du gordetzen bi legegintzaldiren ostean txarto amaitu zuela bere alderdiarekin, edo hobe esanda, arduradunarekin: "Pasatu nituen guztiak ez zuen merezi izan, garbi daukat hori. Egungo egoeran, ostera, posible da politika egitea".

Zelan gogoratzen duzu udaletxera sartu zinen lehen eguna?

Ez dut aparteko oroitzapenik, lehenago ere ohituta nengoelako udaletxera joaten, Distrito 33 delakoan, auzo alkate moduan. Gogoan dut uda zela, ekainean izan ziren hauteskundeak, eta gogoan dut, baita ere, momentuan jabetu nintzela aurrerantzean ardura handiagoak izango nituela.

Zerk animatu zintuen politikan jardutera?

Herritarren arazoak konpontzeko aukera izatea gauza handia iruditzen zitzaidan. Auzo alkate moduan horretan jardun nuen lau urtez, eta zinegotzi izateko eskaini zidatenean pentsatu nuen udaletxean aukera handiagoak izango nituela lan hori egiteko. Izan ere, horixe da politikatik gustatzen zaidana. Eta uste dut aitona zenarengatik hartu dudala politikarako zaletasuna.  

Eta, amestutako lan hori egiteko aukera izan zenuen?

Ez nahi moduan. Gogoan dut lehenengo urtean normaltasunaz egin genuela lan, baina 2000 urtetik aurrera gauzak okertzen hasi ziren. Giroa gaiztotzen hasi zen, ETAren mehatxuak jaso genituen, mehatxuak kalean, telefono deiak etxera, gure kontrako pintadak herrian, eta etxekoengatik sufritzen nuen gehien. Sasoi hartan jazarpen handia izan nuen, eta gogorra da ikustea hainbat lagunek zelan ematen dizuten bizkarra. Orduan ikusi nuen zeintzuk ziren benetako lagunak. Orohar, bizitza erabat aldatu zitzaigun. 

Gainontzeko zinegotziekin ze harreman zenuen?

Denetik zegoen. Ezker abertzalekoekin ez nuen harremanik. Pentsa dezakezun moduan, egoera hartan ezin nuen eurekin inongo harremanik izan. Bigarren legegintzaldian Inazio Laguntza egon zen alkate, eta harekin hainbat gauza elkarlanean egin genituen, errazagoa zen. 

Autokritika eginez gero, hartutako ze erabakirekin ez zaude gustura?

Polmetasa auzian hartutakoaz, nik parte hartu nuen azken bilkuran izan zen. Polmetasako promotoreak exijitu zigun Garagartzako lantegi berria berak egin ahal izateko onartu behar geniola San Andresen garaje mordoa egiteko baimena. Ni Polmetasako langileen egoeragatik nengoen kezkatuta, enpresa kanpora eramateko zuten arriskua zegoelako. Baina, nire alderdiak ez zuen exijentzia hori onartu nahi izan, eta langileekin egon ostean ere, neuk alderdiaren boto berbera eman behar izan nuen, alderdiaren diziplina. Erabaki haren kontra nengoelako gutun bat irakurri nuen, eta alderdi sozialistarekin izandako hartu-emanak hor amaitu ziren. 

Eta harro zauden erabakiaz?

Parlamentuan alderdi sozialistak EAJren aurrekontuak onartu zituen Debagoieneko Ospitale berria egiteko baldintzarekin, eta gauza oso positiboa izan zen bailara honendako. Ordura arte ospitalean egindako obra guztiak partxeak baino ez ziren izan, eta halako ospitale baten beharra zegoen. Horrekin batera, arlo sozialean aurrerapen handiak egin genituen. Besteak beste, tratu txarrak jasandako emakumeei laguntzeko araudiak onartu ziren, eta mekanismoak ezarri: etxebizitzak emakume horiendako, abokatuak... 

Isasias Carrascoren hilketa inflexio puntua izan zen askorendako.

Guretzako kolpe gogorra izan zen, sekulakoa. Ordurako ez geunden udaletxean, baina hil baino astebete lehenago berak bizkartzain barik ibiltzeko hartutako erabakiaz berba egin genuen biok. Ez zuen beharrik ikusten. Uste dut hilketa hura ezker abertzaleko askorendako ere onartezina izan zela. Orain politika egiteko dagoen giroak ematen dit inbidia, lan egin daitekeelako. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak