Gaurko egunez, abenduaren 18, santoral katolikoaren arabera, Maria Ama Birjina haurdun zegoen, umea itxaroten. Hortik dator Itxaro izena, gaztelerazko Esperanza. Eta egun honen bueltan edo gertu jaiotako emakume asko daude hala bataiatuta.
Salve Regina
Horren adierazle da gaur Arrasaten egin duten bazkaria. Mahai gozoaren bueltan aurkitu ditugu, ezin bestela izan, umore ederrean eta antzinako kontuak gogora ekartzeko gertu eta pozik: "Garagartzara bidean, Uribarrin dagoen Ama Birjina ezagutzen duzu? Bada huraxe da Esperanza. Antzina, Ama Birjina haren aurrean pasatzen ginen bakoitzean Salve Regina kantatzen genuen. Nire seme-alabek entzun ninduten lehen aldian ezusteko ederra hartu zuten euskara ez zen beste hizkuntza batean kantatzen entzun nindutenean! Orain hiru hizkuntza ikasiko dituzte, baina gure sasoian ere…", kontatu du… jakina, Espek.
Emakumeen eguna
"1920-1930 urte bitartean, gaurko eguna emakumeen eguna izaten zen Uribarrin; eta orduko berbena (akordeoia bakarrik izaten zen) emakumeek ordaintzen zuten", gogorarazi du… Espek baita ere. "Bueno, gertuko-gertukoendako Espetxu ere banaiz", aitortu digu.
Kontuak kontu, Esperanza izan, Espe izan, Espetxu izan ("Esperanzita ez, mesedez!" eskatu dute) edo Itxaro izan, zorionak guztiei, eta ondo eta gogotsu bukatu dezatela eguna. Esan besterik ez dago esperantzarako lekua guztiok dugula, eta jakina, esperantza dela galtzen den azkena.