Txikilandia 2013, berritasun ugarirekin

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko abenduaren 18a

Aurkeztu dute urtarrilean egingo den Txikilandia. Hogeita bigarren urtez antolatu dute Gabonetako euskarazko parkea, eta iaz bezala, Uarkapen izango da. Sarrerak salgai daude Txatxilipurdiren egoitzan.

Urte mordoxka bat dira Txatxilipurdi elkarteak Txikilandia antolatzen duela. Arrasateko ume eta gazteek gabonetan euskarazko aisialdia eduki dezaten xedez egiten dute.

Datorren urtarrilaren 2tik 5era bitartean, gabon parkeko 22. Edizioa egingo dute, eta eguerdian aurkeztu dute ekimena eta Txatxilipurdiko Ainara Kortabarriak eta Eneko Barberenak, Iraia Sola Gazteria Zingotziak eta Arrasateko Gaztetxeko Iago Casconek hartu dute parte.

Berritasunez josia

Arrasateko kiroldegian urte luzez egon ostean, iaz Uarkapera lekualdatu zuten ekimena eta harrera ona eduki zuen orduan. Eta Bigarrenez egingo dute udal pilotalekuan gazteei zuzendutako jaia. Zenbait berritasun ere ekarriko ditu hitzorduak: Irrien Lagunen puzgarri guztiak egongo dira; eskaintza bereziak edukiko dituzte gazteek, rokodromoa edota serigrafia tailerrak, esaterako. Bestalde, bi espazio berri irabazi dituzte, Sorkuntza txokoa jatetxean eta KZ gunea zegoen tokian, familia txokoa eta ipuin txokoa.

Txikilandiako azken eguna berriz, iaz bezala, Kiroldegira lekualdatuko da, eta goizean zehar igerilekuan joko ugari antolatuko dituzte. Arratsaldean berriz, kalejiran joango dira Gaztxera, eta Irrien Lagunen kantu eta dantza ikuskizuna egingo dute. Guzti horrez gainera, karaokea, ipuin magikoa,guraso txokoa, wii eta gitarhero tailerrak ere egingo dituzte besteen artean.

Aurreko edizioko prezio bera mantendu dute. Hala, 0-3 urte bitarko haurrek 10 eurotan dute bonoa salgai, eta 4-12koek berriz, 14 eurotan (eskuorrietan gaizki agertzen dela adierazi dute). Bestalde, azken egunean igerilekura joateko 3 euroko kostua izango du, eta irrien lagunen ikuskizunera sartzeak berriz, 4 euro haurrek eta 2 euro helduek. Salgai daude dagoeneko bonoan Txatxilipurdiren egoitzan. Aurrez erosita zein Topakide txartela erakutsita deskontua izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak