Maika Makovski eta Mery May-ren kontzertuak Amaia Antzokian

Amaia Garate 2012ko abe. 17a, 19:20

Maika Makovski eta Mery May bakarlariek abenduaren 28an kontzertua eskainiko dute Arrasateko Amaia Antzokian 20:00etan hasita. Sarrera zazpi euro izango dira, eta aldez aurretik erosi nahi izanez gero, www.kutxasarrerak.net helbidean sartu.

Mery May

Mery May kantautoreak irlandarra du aita, eta arrasatearra ama. 16 urterekin ekin zion bere musika-proiektuari. Neska gazte bat, bere gitarra akustikoa lagun duela. Bere gaiak konposatzen ditu, eta eragin ugari nabari da haietan; baina batez ere artista batek du presentzia handia haren konposiziotan: Neil Young kanadarrak.

2008an, bandentzako bere lehen lehiaketara aurkeztu zen Deba Garian. Kritika ona jaso zuen epaimahaitik. Eta, jadanik 2010ean, Euskadi Gaztearen maketa-lehiaketaren finalera heldu zen. Urte berean, bere lehen CDa atera zuen, eta kontzertu ugari eman zituen Euskal Herrian eta Irlandan.

2011n, Bordelera aldatu zen, eta, han, egun lagun dituenak ezagutu zituen: Franck Lapuyade bateriajolea eta Cedric Menesguen gitarrista.

2012an, Arrasatera itzuli zen, eta bere bigarren diskorako prestatzen ari da. Eguberrietan grabatuko du, Iñaki Bengoaren SHOT estudioan.

http://www.myspace.com/merymay

Maika Makovski

Badira beren aurrekoek sortutako hizkuntza batean diharduten artistak; badira klasikoen lurrina kondentsatzen duten diskoak; bada musika guztiak dauzkan musikarik. Halakoa da MAIKA MAKOVSKI: bai artista, bai haren diskoa, bai haren soinua. Maikak konposatu eta abestu egiten du; gitarra eta pianoa jotzen ditu. Nortasun handiko emakumea da, eta dagokion moduan moldatzen ditu abestiak: grinaz eta bizitasunez.

Mallorcarra da. Andaluziar eta mazedoniar odolekoa. New Yorken bizi izan zen, eta, orain, Bartzelonan eta Londresen bizi da. «Thank You For The Boots» aurkezten du. Lan horrekin ari zela, antzezle gisa estreinatu zen «Desaparecer» antzezlanean. Calixto Bieitok zuzentzen du obra, eta Juan Echanove da protagonistakide. Maikak idatzitako eta abestutako abesti batzuk ditu barne antzezlanak. Vangel Makovski Palman finkatutako multiinstrumentistaren alaba izaki, Maika musikaz elikatu da ezinbestean. Eta, dioenez, denetik jatea gustatu zaio beti. Stooges, Damned, The Cramps edo Dead Moon aipa ditzake, edo Son House, Skip James eta Deltako blueseko beste klasiko batzuk.

Batzuetan, aitortzen du Prince duela «bere musika-kutxaren horma nagusietako bat», baina beti leku bat uzten du Pandoraren kutxa harrigarri horretan Neil Young-entzat, Ike & Tina Turner-entzat edo Serge Gainsbourg-entzat. Agian, horietako ezer ez da nabarmenduko haren disko berriko abestietan, eta, halere, han dago dena, nonbait ezkutatuta, entzuleari iradokitzen hamar urte barru ere haren soinu-bandan izango dela.

Maikak, ezin ukatu, aurkitu du helmuga. Palmako Pop Rock Jaialdia irabaziz hasi zuen bidea, 15 urterekin. Altzairuzko puntadun punk botekin sendo zapalduz, Kradiaw (2005) bere lehen diskoan; dantzari-zapatekin, Kraj So Kóferot-en (2007), eta, «Maika Makovski» bere hirugarren lanetik aurrera, bidelagunik onenak bilduz: David Martínez, baterian; Juan Carlos Luque, baxuan eta perkusioan, eta Oskar Benas, gitarran, banjoan eta koruetan, eta haiekin mundu osoko agertokiak garaituz. Maika Makovskik bere esentzia destilatu du, eta, harekin, musika on guztiarena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak