Abenduak 15ean, arratsaldeko 20:00etan eta San Frantsizko elizan Arrasate musikaleko txistulariak eta goikobaluko abesbatzak batera kontzertu interesgarri bat eskainiko dute.
Goikobalu Abesbatza-Coro de Mondragón betidanik Arrasate-Mondragonen egon den musika koralarekiko (Parrokiko Abesbatza, Zartzuelen emanaldiak, Danok Abesbatza) ilusio eta zaletasunaren fruitua da.
Bere lehenengo pausoak 1989an Luis Ignacio Ruiz de Alegria-ren zuzendaritzapean eman zituen eta hasieratik musika koralaren arlo guztiak jorratzea izan du helburu (polifonia, herri musika, sinfoniko korala, klasikoa...) Helburu horri jarraituz 1996-ko urtarrilean oraingo zuzendaria den Iñaki Maidagan-ek bere gain hartu zuen Abesbatzaren zuzendaritza.
Bai Euskal Herrian bai Euskal Herritik kanpo ekitaldi ugari eman ditu (Gales eta Ingalaterra 1991n, Frantzian, Argentina 1998 eta 2006-an...) 1992-an German Torrellas-en zuzendaritzapean abestutako Vivaldiren Gloria, musika sinfoniko-korala lantzearen lehenengo urratsa izanik, proiektu asko burutu ditu. Aipagarrienak Beethoven-
en 9. Sinfonia Kiev-eko Orkestra Sinfonikoarekin batera, Karl Orff-en Carmina Burana, Errusiako Orkestra Sinfonikoarekin batera, Berlioz-en Te Deum, Mozart-en Requiem, Faure-ren Requiem, Dvorac-en TeDeum, Letoniako Orkestra Sinfonikoarekin batera, Mozar-en Missa Solenme Confesore...
Horretaz gain abesbatza lehiaketetan hainbat sari nagusi eskuratu ditu (Ejea de los Caballeros 1991n, San Vicente de la Barquera (Kantanbria) 1995ean, Cieza (Murtzia)1997an, Autol (Errioxa) 2000n eta Vaciamadrid-en (Madrid) 2006.
Proiektu hauei aurre egiteko eta 'kantera' bezala 1994ean Goikobalu Txiki sortu zen Anuska Ezkurraren ardurapean. 1997an Rakel Murgiondok, bere gain hartu zuen abesbatzaren ardura eta urteen eta ahaleginen ondorioz Goikobalu Gazte sortu zuen abesbatza nagusira heltzeko aurre urrats logiko bezala. Gaur egun Amaia Aboitizek zuzentzen du Goikobalu Txiki haur abesbatza.
Bestalde Arrasate musikalek beste bi kontzertu antolatuak ditu Gabonak ospatzeko.
Arrasate eta inguruko hiritarrei aukera zabala eskaintzen dien musika eskola da ARRASATE MUSIKAL. 1972. urtean eman zituen lehen pausoak eta hamarkadaz hamarkada gaur arte, hezkuntza musikala jorratu eta plazaratzea izan ditu helburu nagusi. Txistuak ere badu bere lekutxoa nola ez, eta ekimen horretan buru belarri aritu dira Luis Mari Andrés, Roberto Alvarez, Urki Larrea eta Jagoba Astiazaran. Azken urteotan Juan Karlos Larreategik eta Iraitz Zabaletak dihardute aipaturiko txistu maisuen lanari jarraipena ematen. Gaur egun bi txistulari banda ditugu: Nagusiena eta gaztetxoena. Kurtsoan zehar, hiru kontzertu eskaintzen dituzte. Ezin dugu ahaztu, San Juan festen barnean, Errementari Dantzan eta Arrasate Musikaleko bandaren kontzertuan parte hartzen dutela. Urte hauetan zehar ikasle pila pasa da Arrasateko musika eskolatik eta bertan klaseak eman dituzten irakasleak ere, lehen aipatu bezala, mordoxka bat dira. Guztiei eskertu txistua bizirik eta kalean entzuten jarraitzen dugulako, eta etorkizunean ere horrela izan dadin lan egiteko konpromisoa dauka Arrasateko musika eskolak.


