Herriko baserritarren produktuak erostera animatzeko spota

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko abenduaren 17a

Bertako baserritarrak protagonista diren spota aurkeztu du Arrasateko Udalak eguerdian. Iragarkiarekin, herritarrak bertako ekoizleen produktuak erostera  animatu gura du udalak eta aurrerantzean, Amaia zineman, Udalaren web orrian zein tokiko hedabideetan ikusi ahalko da aipatutako iragarkia.


Herriko baserritarren produktuak erostera animatu asmoz aurkeztu du Arrasateko Udalak Arteman bidez egin duen spot publizitarioa. Lehenengo sektoreari bultzada emateko asmoz, sentsibilizazio kanpaina baten barneko urrats bat gehiago dela eman dute jakitera aurkezpenean.

Aurkezpenean Marga Garmendia Enplegu eta Garapen Ekonomiko Zerbitzutako teknikariak eta Inazio Azkarragaurizarrek hartu dute parte. Bestalde, Rakel Perez de Arenaza baserritarra ere alboan izan dute.

Mezu zehatzak

Spotaren bidez mezu zehatzak helarazten zaizkio ikusleari, bertako produktuak kontsumitzera bultzatuz. Modu horretan gure baserriaren eta bizimoduaren garrantzia azpimarratzeaz gainera, produktuen hainbat ezaugarri ageri dira: baserritarrek ortutik zuzenean eskaintzen duten hori sasoikoa dela, kalitatezkoa, freskoa, bertakoa, naturala, eta osasuntsua dela, guztia prezio justu batetan saldua.

Bestalde, Perez de Arenazak gogoratu du baserritarrena etengabeko lan bat dela eta astero herritarrei eskaintzen dietela jasotako uzta. Eskerrak eman dizkie astero kontsumitzen dutenei baina ongietorria egin die baita erosle berriei ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak