Noiz hasi zinen eskalatzen?
Duela sei urte hasi nintzen eskalatzen, 16 urte nituela. Kirol desberdin asko egiten nituen, baina ez nuen gogokoenik. Azkenean, amak eskalatzen hastera animatu ninduen.
Non eskalatzen duzu normalean?
Normalean, Araotzen edo Altzolan eskalatzen dut . Txapelketak, ordea, rokodromoetan izaten direnez, txapelketetarako rokodromoetan entrenatzen naiz. Horrez gain, urtean zehar, Espainian ere mugitzen gara noizean behin, Katalunian eta Suitza eta Frantzia aldean ere izan naiz eskalatzen.
Zein txapelketatan hartu izan duzu parte?
Eskalatzen hasi nintzenetik urtero parte hartu izan dut Euskal Herriko txapelketan. Euskal Herriko txapelketaz gain, Espainiako Kopan, Euskal Herriko boulder txapelketan eta sokako txapelketan hartu izan dut parte azkenaldian.
Esperientzia ona izan da txapelketa horietan parte hartzea?
Oso esperientzia ona izan da txapelketa guztietan bizi izan dudana. Asko gustatzen zait eskalada txapelketetan parte hartzea, oso ongi pasatzen dut beti. Oso gustura nago, gainera, lortu ditudan emaitzekin.
Nolatan hasi zinen eskalatzeko ikastaroak ematen?
Gero eta gazte gutxiagok eskalatzen zutela ohartu ginen, eta eskalatzen zuten neska-mutilak behar zirela. Hala, hori aldatzeko zerbait egin behar genuela erabaki genuen, eta neska-mutilei ikastaroak ematen hasi ginen. Urteak pasa ahala, gero eta neska-mutil gehiago hasi ziren ikastaroetan izena ematen, eta aurten, nahiko kopuru handiak eman du izena.
Hasieran nik bakarrik ematen nituen ikastaroak, baina denborarekin gero eta ikasle gehiagok izena eman zutenez, beste batzuei laguntza eskatzen hasi nintzen eta orain batek baino gehiagok ematen ditugu ikastaroak.
Oso gustura nago neska-mutilei eskalatzeko ikastaroak ematen, oso ongi pasatzen dut haiekin, eta esperientzia polita da.
Eskaladaren munduan emakumearen presentzia nola ikusten duzu?
Emakumeak betidanik egon izan dira; nahiz eta banakako batzuk izan, hor egon dira. Pixkanaka, gero eta emakume gehiago dabil mundu honetan. Txapelketan ere gora egin du haien parte hartzeak, maila ona erakutsi dute eta erakusten dute. Edozein rokodromotara joanez gero, lehenengo momentuan mutilak ikusi arren, gehienak mutilak direlako, beti dago neskaren bat.
Ikastaroetan, berriz, denak izatez mistoak diren arren, denetarik dago. Nesken taldeak, mutilen taldeak eta talde mistoak daude. Gauza normaltzat hartzen da, ez du atentziorik ematen neska bat eskalatzen ikusteak.
Lesio larririk izan al duzu eskalatzen ari zinen bitartean?
Ez, nik neuk ez dut lesio larririk izan. Behin, indar handiegia egiteagatik tendoiak pixka bat apurtu nituen eta kolperen batzuk ere hartutakoa naiz, baina lesio larririk ez.
Anekdota berezirik?
Ba, behin, eskalatzera joateko sekulako gogoarekin nengoen, baina ez nuen norekin joan. Azkenean, baina, ama animatzea lortu nuen eta nirekin joan zen.
Ongi lotu gabe hasi nintzen, eta eskalatzen nenbilela lurrera erori nintzen. Sekulako kolpea hartu nuen. Amak, berriz, hartu zuen sustoarekin oihuka hasi zen.
Eskalatzeaz gain, beste zein zaletasun duzu?
Lagunekin parrandan ibiltzea eta mendira buelta bat ematera joatea ere gustuko ditut.