Sorpresaz beteriko antzezlana dela aurreratu digu, baina guk zerbait gehiago atera nahi izan diogu Kruickshanki: "Kondesaren erretratuarekin zerbait gertatzen da, misterioz eta intrigaz betetako istorioa da; Agatha Christieren estiloan. Baina maitasuna eta umorea ere batzen du lan honek. Baina askorik ezin dizuet aurreratu, sorpresa asko ditu-eta!", dio.
Barrea bermatuta
Goenkale-ren genero nagusia drama da; baina antzezlan honek, zalantzarik gabe, badu bestelako ukitu eta xarma berezia: "Antzerkira eramateko orduan, bestelako ukitua eman behar diogu. Oso dibertigarria da eta ikusleak oso ondo pasatuko du, ez du aspertzeko une bat ere izango".
Sei pertsonaia agertokian
Denak dira Goenkale-ko pertsonaia ezagunak: Itsaso, Ibon, Andoni, Rakel, Nelson eta Eider. Kronologikoki Goenkale-ko pertsonaiei gertatzen zaienak ere badu jarraipena. Hala, Goenkale-ren jarraitzaile sutsuek gustura jarraituko dute istorioa.
Baina jarraitzaile ez direnek ere erraz jarraitzeko moduko antzerkia dela esan digu Maria Kruickshankek. "Landetxe batean gertatzen da guztia. Ni, Itsaso, Ibonen neskalaguna naiz, telesailean moduan. Hala, Goenkale-ren jarraitzaileek erraz jarraituko dute. Baina ez da beharrezkoa jakitea nor den nor; izan ere, agertokian hasten den istorioa bertan bukatzen da", kontatu digu ilusioz Maria Kruickshank aktoreak.
Zein da sekretua?
Goenkale-ren hastapenean, orain arte sekretua izan dena argituko dute. Ginna Sinatra nork hil zuen jakingo al dugu, azkenik? Egia da Gaizkak hil zuela? "Ezin dizuet zer datu argituko dugun esan… Goenkale-ko jatorriaren gaineko sekretua azaleratuko dugu, nondik nora datorren. Oso polita izango da, batez ere jarraitzailearendako opari ederra".
Erregistro aldaketa
Telebistan egindako lanak ez du zerikusirik antzerkiarekin. "Erregistro aldaketa derrigorrezkoa da; telebistan dena handiago egin behar duzu. Gidoia ere ezberdina da. Lan egiteko era ezberdina da antzerkian, ez dago stop zapaltzerik. Telebistatik zure pertsonaia ateratzea ere polita da beste garapen bat emateko; gainera, zure pertsonaiak ustez ez dituen erreakzio batzuk ere ikusten dituzu".
Telebistatik antzokietara
19 urteko ibilbide oparoa dauka telesailak, eta Goenkale-ren omenez egin dutela azaldu digu. "Jendeari ere, horrenbeste denboran telebistan egonda, uste dugu gustatuko zaiola".
Antzezlanaz gozatzeko aukera, beraz, domekan, 19:30ean, Arrasateko Amaia antzokian.