Iñaki Arriaga: "Arrasaten delinkuentzia ondoko herrien antzeko proportzioetan mugitzen da"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko abenduaren 14a

Ekaina ezkero da Arrasateko udaltzainburu Iñaki Arriaga (Soraluze, 1960). 35 udaltzainen ardura du egun, baina badu eskarmentua; besteak beste, udaltzainburuen elkartean dago. Oraindik Arrasate eta arrasatearrak ezagutzeko fasean dago murgilduta. Udaltzaingoak Nafarroa etorbidean duen egoitzan hartu gaitu, bulegoan bertan.

Kanpotarra izatea eragozpen handia izan al da zuretzako?

Beti da eragozpen txiki bat. Herria eta herritarrak ez dituzu behar den moduan ezagutzen baina, era berean, nire lana kudeaketa lana da gehienbat. Ni ez naiz kalean ibiltzen beste udaltzainen antzera; udaletxean bileretan ez banago gehienetan bulegotik egiten dut lan. Hori bai, epe motzerako helbura izango da niretzat Arrasate eta arrasatearrak ezagutzea.

Heldu nintzenean ez zen erraza izan: herria berria, Udala berria eta Udaltzaingoaren antolamendua ere berria. Hau da, jende berria leku guztietan. Nire lehen lana izan zen Udalaren zein Udaltzaingoaren antolamendua ezagutzea. Izan ere, herri bakoitzak bere berezitasunak dauzka. Oraindik ere ezagutze eta murgiltze prozesuan ari gara.

Lapurretak azkenaldian baretu egin direla dirudi. Zer esan zenezake?

Gabonetan gorakada txiki bat egoten dela herri gehienetan. Azken asteetan etxebizitzetako eta komertzioetako lapurretak ez dira izan apenas, baina bai autoetan. Hainbat kotxetako kristalak apurtu dituzte barruko zerbait lapurtzeko. Baina hori ere ez da hemen bakarrik gertatu, beste udaltzainburu batzuk hala berretsi didate. Hala ere, lapurretok normaltasun baten barruan kokatuko nituzke.

Zer aholkatuko zeniguke? 

Etxebizitzetan gertatzen diren lapurreta gehienak sarrailari buelta bat eman ez izanagatik gertatzen dira. Atea beti itxi behar da sarrailari buelta bat emanda. Eta adinekoendako beste aholku bat: bankura diru bila joaterakoan dirua unean bertan gorde. Hau da, diru kopuru altuak denon aurrean ez erakutsi. Baina ez dago asaldatzeko motiborik, Arrasateko delinkuentzia maila ez da beste herrietakoa baino kezkagarriagoa.

Lapurretak ekiditeko zer egiten duzue?

Gurea prebentzio lana da batez ere, baina askotan ez da nahikoa izaten. Beraz, herritarrei deitzen diegu edozer berezia ikusten badute lasai asko deitzeko, horretarako gaude-eta. Ez izan kezkarik ezer ez dela uste baduzue ere, kalean dauden udaltzainei ez zaie ezer kostatzen bertaratzea.

Zeintzuk dira udaltzain baten betebeharrak eguneroko lanean?

Hiru arlo bereizten dira: administratiboa, trafiko-arloa eta arlo penala. Polizia administratiboaren betebeharrak dira, besteak beste, ordenantzak kontrolatzea, huts urbanistikoak jaso eta bideratzea, obren lizentziei jarraipena egitea eta bide okupaziorako baimenak ikustea. Trafiko-arloan, berriz, aparkalekuen, trafiko oztopoen eta utzitako zein seguru gabeko ibilgailuen kontrola egiten da, besteak beste. Ez hori bakarrik: egoera berezietan zirkulazioa bideratu behar izaten dugu. Azkenik, arlo penalean askotariko salaketak bideratzen ditugu.

Arlo penalean izan al duzue gertakari aipagarririk azkenaldian?

Azken hilabetean lau atxilotu izan ditugu trafiko segurtasunaren aurkako delituagatik. Autoa gidatzerakoan alkoholaren eraginpean zeuden gidatzen; azken hiruek gehienezko tasa hirukoiztu zuten. Hori ikustean Granadako kasua etortzen zait burura: 27 urteko gidari batek aurrez auto bat jo eta gurasoak zauritu eta bi haur hil zituen. Lan horretan udaltzainen papera goraipatu egin behar da, ez da-eta batere erraza izaten. Bestalde, beste bi atxilotu izan dira urruntze agindua ez dutelako bete. Bat atxilotzeko, gainera, Gasteizeraino iraun zuen jazarpenak. Hor lan izugarria egin zuten udaltzainek.

Nola aparkatzen dugu Arrasaten?

Beste herrietan moduan. Gaizki aparkatutako autoak oztopoa edo arriskua suposatzen badu zorrotzak izango gara. Zebra bideak, espaloiak... kontuan hartu behar da gune horiek oinezkoendako direla eta eurak direla babes gutxien dutenak. Hori ez bada errespetatzen garabi zerbitzuarekin auto horiek kendu egin behar dira.
Gidariei dei egin gura diet batez ere oztopo edo arrisku izan daitezkeen lekuetan ez aparkatzeko. Era berean, argi geratu dadila ez dugula dirua biltzeko asmoz egiten, zerbitzu on bat emateko baizik.

Garai baten entzun zen kalean udaltzainek pistolak eramango zituztela, baina hori gezurtatu zen. Zer esan zenezake?

Sartu naizenetik ez dut pistolen gainean ezer entzun. Baina txaleko berriak bai jasoko ditugu. Arma zorrotzen kontrakoak izango dira, interbentzio batzuetan agertu izan dira-eta labanak. Espero dugu urtarrilerako dozena bat jasotzea. Hori bai, ez da asmoa alarma piztea, Arrasaten delikuentzia ondoko herrien antzeko proportzioetan mugitzen delako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak