Elkano Browning Cream taldearen erritmo biziak

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko abenduaren 14a

Elkano Browning Cream taldeak fusioa ekarriko du Arrasatera, eta Amaia antzokiko 'hall'-ean arituko da hirukotea gaur iluntzean, 20:00etan hasita.

Mikel Azpiroz donostiarrak, Franck Mantegari paristarrak, eta Dave Wilkinson ingelesak osatzen dute Elkano Browning Cream taldea eta teklatua, bateria eta gitarra jotzen dute, hurrenez hurren. Gaur iluntzean Amaiako hall-ean hiru diskoetako kantak interpretatutako dituzte.

Hiru jatorri, proiektu bat

"Amerikako Estatu Batuetan musika egiten ari ginela ezagutu genuen elkar 2007an". Hala eman dio aditzera Azpirozek Arrasate Irratiari. "Baina Wilkinson barik, Matt Harding gitarra jole amerikarra zegoen taldean eta berarekin grabatu genituen aurreneko diskoak".

Jatorri ezberdinetako musikariek osatutako taldea. "Bakoitzak bere karga kulturala ekartzen diogu taldeari". Toki ezberdineko lagunak, musika bidez elkartuak."Euskal Herrian, Txinan edo Australian, musika hizkuntza instrumentu moduan hartuta konexio bat sortzeko aukera izatea primerakoa da".

Jazz egitura batetik abiatuta, haratago joaten da hirukotea. "Eklektikotasunari garrantzia handia ematen diogu eta munduan zehar entzuten ditugun musikak gure abestietan sartzen saiatzen gara".

Erritmo osagai indartsua dauka Elkano Browning Cream taldeak. "Mantegari Afrikan asko ibilitakoa da eta berak ekartzen du groove edo dantzarako erritmo hipnotiko hori". Asko erabiltzen duten elementua, hain zuzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak