6.800 Araban, 11.200 Gipuzkoan eta 22.000 Bizkaian, 40.000 Euskal Autonomia Erkidego osoan. Astelehen goizean jarri zituzten salgai eta egunean bertan saldu zituzten ia guztiak; 28 orduren buruan jada alferrik zen ahalegintzea, ordurako agortuta zeuden kultura bonuak. Bizkor ibili dira herritarrak bonua eskuratzerako orduan, eta berdin bere onurez gozatzerakoan ere: astelehenean bertan, 10:30erako, liburu-dendetan ziren kultura bonudun batzuk. Herritarrek begi onez ikusten dute ekimena, noski, eta berdin saltzaileek ere; eurentzako garrantzitsua dela kontatu digute.
Liburuak eta ikus-entzunezko materiala erosteko
Orain arteko balantzea positiboa da, beraz, eta liburu dendetan espero dute ekimen honek Gabonetako salmentei bereziki bultzada bat ematen laguntzea. Liburuak eta ikus-entzunezko materiala erosteko balio du, baina ez joko edo bestelako produktuetarako; 40 euroak kolpe batean gastatu ezean bale bat egiteko aukera egon badagoen arren –saltoki bakoitzak erabakitzen du hala egin edo ez–, dena aldi bakarrean gastatzea aholkatzen dute; eta dirua, hori bai, ez da bueltatzen.
Epe-muga: urtarrilak 18
Blanca Urgell kultura sailburuaren ustez, kultura bonuaren helburuak lortu dira berriz: data hauetan kultura kontsumoa sustatzea eta urte osoan kultura banatzen duten establezimenduak herritarrengana hurbiltzea, hain zuzen. Antonio Rivera Eusko Jaurlaritako Kultura sailburuordeak jakinarazi duenez, baina, ez da gehiago izango, ez dute kanpaina luzatuko. 387 saltokik egin dute bat ekimenarekin eta horietako edozeinetan egin ahalko dira erosketak kultura bonuarekin; hori bai, urtarrilaren 18a baino lehen.