Euskararen egoera Arrasateko gazteen artean aztergai

Goiatz Arana Begiristain 2012ko abenduaren 12a

AED eta Txatxilipurdi elkarteetatik dei egin diete Arrasateko gazteei, zapatuan, 17:00etatik 19:00etara, euskara elkarteak Pablo Uranga kalean duen bulegoan egingo duten topaketan parte hartzeko. Pasa den urriaren 27ean egindako saioaren jarraipena izango da; 'Euskararen egoera Arrasateko gazteen artean' gaiaren inguruan hausnartzen jarraituko dute. 

Deitzaileek jakitera eman dutenez, aspalditik ez da ikusi horrelako gazte euskaltzaleen topaketarik herrian, eta garrantzitsutzat dute hori "euskararen indar ezarekin" kezkatuta zeudelako: "Arrasateko euskalgintza osatzen dugun talde eta norbanakoek kezkaz  begiratzen genien kale erabileraren neurketen emaitzei eta gazteon artean euskarak duen indar ezari. Izan ere, Arrasateko neska mutilen %88k euskaraz jakin arren, %33k baino ez du erabiltzen egunerokoan".

Egoera hori iraultzeko ekimen berri bat behar zelakoan, Txatxilipurdi eta AEDk gazteen arteko topaketa bat egitea erabaki zuten, eta urriaren 27an Arrasateko Gaztetxean biltzeko egindako proposamenari erantzunez 40 gazte baino gehiago batu ziren egoera hori errotik aldatzeko asmo sendoarekin. Lan taldetan banaturik, gure hizkuntzak eta kulturak bizi dituzten ahulgune, indargune eta aukerak aztertu zituzten, eta argi ikusi zuten aurrera begira lanketa sakon eta iraunkorra abiatzea ezinbestekoa dela. Lanketa horretan, gure hizkuntza erabiltzen dugun eta maite dugun guztiok dugu zeresana eta zeregina, euren esanetan, ez delako izan eta ez delako izango lan egiteko gune itxi bat, ekarpenen bat egin dezakeen edozeinek parte hartzeko moduko bilgunea baizik. 

Zapaturako deia

Hori horrela, herriko gazteak animatu nahi dituzte zapatuko topaketan parte hartzera, "lotsa barik, beldur barik eta inongo konplexu barik, ausardiaz". "Euskaraz bizitzeko lan egingo dugunok eta euskaraz bizitzea lortuko duten etorkizuneko euskal herritarrek eskertuko dizuegu ahalegina", gehitu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak