Zailtasun ekonomikoak zailtasun, lehentasunei eusteko konpromisoa berretsi du Arrasateko Udalak 2013rako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko abenduaren 13a

Arrasateko Udal gobernuak prentsaurrekoa eman du gaur Udalaren egoera ekonomikoa eta 2013ko aurrekontuak nondik nora joango diren azaltzeko. Zailtasunak zailtasun, orain arteko lehentasunei eusteko konpromisoa hartu dute. Hau da, parte hartzea, mugikortasuna, enplegua, euskara eta kultura, eta hondakinen kudeaketa arduratsua izango dira datorren urteko lehentasunak; "baita datozen urteetan ere", alkatearen arabera. Iazko antzeko kopurua bideratuko da Arrasate kudeatzeko, hau da, 30 milioi euro inguru.

Udalaren egoera ekonomikoa zaila dela berretsi du gaur Inazio Azkarragaurizar alkateak. Horretarako krisi globala izan du hizpide: "Egoera horren erdian dago Euskal Herria. Aldaketa politiko eta soziala burutzeko inoiz baino aukera eta premia handiagoa dugu. Herri bezala gure etorkizuna erabakitzea, gure biziraupenerako ezinbestekoa delako, eta geu ere zuzenean ukitu gaituen krisi honetatik ateratzeko, gure baliabideak gure beharren arabera erabiltzeko ahalmena izan behar  dugulako", adierazi du.

2013ko aurrekontua lantzen hasita daude dagoeneko eta alkateak jakinarazi du 2012koaren antzekoa izango dela. Hau da, 30 milioi euro inguru erabiliko dituzte Arrasate kudeatzeko. Hori bai, gero eta gastu gehiagorekin.

Egoera ekonomikoa zaila izanik ere, Udalak azpimarratu nahi izan du behin eta berriz nabarmendu izan dituen lehentasunen aldeko apustu irmoa egiten duela

Egoera ekonomiko zaila eragin duten osagaiak

Udalaren egungo egoera ekonomikoa deskribatzeko osagai nagusien artean krisialdiak eragindako Foru Fondoaren bilakaera negatiboa izan du hizpide Azkarragaurizarrek. Kontuan izan behar da hori dela Udalaren baliabide nagusia da.

Bestalde, Udalen Legea ere izan du berbagai. Hau da, beste instituzio batzuei dagozkien zerbitzuen kargu egin behar izateak gastu handiak suposatzen dizkio Udalari.

Horrez gain, beste administrazioetatik jasotzen diren diru-laguntza programen murrizketa nabarmenak ere zuzenean eragin du.

Herritarrak informatzeko

Esandako moduan, gaurko prentsaurrekoa deitu dute Arrasateko Udalaren egoera ekonomikoa zein den eta 2013ko aurrekontuak nondik nora joango diren azaltzeko. Informazioa ematea da helburua.

Oposizioko kideek jaso dute batzorde bakoitzera bideratuko den diru kopuruaren berri. Iaz, bai PSE-EEk zein EAJk hori egin ez izana kritikatu zuten; horregatik aurten batzorde bakoitzetik pasa da aurrekontua, bereiztuta. Oposizioko alderdiek proposamenak egin behar dituzte orain, eta asmoa da abenduaren 26an egingo den osoko bilkuran aurrekontu horiek onartzea.

Tentuz eta arduraz jarduteko unea dela gaineratu du alkateak, seguruenik datozen urteotan ez direlako gehituko diru kontuak eta finantzak. Horregatik, gastuari eutsiko diote, ahalik eta gutxien zorpetzeko. Nola? Bada, ekonomia-finantza kudeaketa eraginkor eta iraunkorra landuz eta Udal Gobernuaren lehentasunak kontuan hartuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak