Aurreikuspena esan bezala, datorren eguen edo egubakoitzean errepidea eta espaloia zabaltzea da. Hala ere, eguraldiaren arabera data hauek aldatzea posible dela argitu dute udaletxetik, oraindik lan batzuk bukatzea beharrezkoa delako. Hala ere, orain arteko data guztiak errespetatu dituzte, beraz gutxi barru zubia berriz ere erabilgarri egongo da.
Astelehen honetan, zubiko errepidean galipota bota zuten, eta horrez gain, beste hainbat lan egin behar dituzte egun hauetan. Adibidez, eliza aldetik oinezkoentzako baranda jarri, espaloian hormigoia jarri, argiztapen berria martxan jarri, zubian bertan tenperatura aldaketen kalteak saihesteko juntak jarri edo oinezkoentzat eta trafikoarentzat errepidean seinaleak margotu. Eta horrez gain, Eroskitik Musakolara doan espaloi zati bat elbarrituentzat egokitu behar dutela esan digute udaletik, zubi berria eta kiroldegiko parkingeko sarrerako tartea hain zuzen.
Beraz, aurreikuspenak betez gero, datorren astean, hilak 20 edo 21ean, zabalduko dute Axerikoa zubia oinezkoentzat eta trafikoarentzat berriz ere.