"Maien egutegixen arabera mundue ez da mundu izengo abenduan 22xen. Apokaliptikuen berbetan, bezperan izatiai itxiko dutzau goizeko hamaikak aldera". Baina Santamasak antolatu dutenak baikorragoak dira, eta egitarau oparoa prestatu dute.
Hala, Santamas komisiñoko Ikeia Iborra, Kepa Urteaga Kultura zinegotziak eta Eneritz Urrutia herriko zenbait kultur taldetako ordezkariak aurkeztu dute Kulturaten aurtengo Santamasetako egitaraua eta herritar guztiak animatu dituzte festan parte hartzera.
(Argazkian, Urteaga, Urrutia eta Iborra aurtengo kartelarekin)
Zenbait berritasun
Aurtengo Santamasek zenbait berritasun ekarriko dute berarekin. Esaterako, urteroko Ganadu Ferian hainbat animaliren kasuan Euskal Herriko arraza autoktonoa ikusgai egongo da. Bestalde, Artisau ferian ere, iazko bideari jarraituta, aurten lanbide zehatz bat hautatu dute, eta monografiko txiki bat egin gura izan dute. "Iaz bailarako artzantzaren nondik norakoak landu genituen eta aurten musika tresnen artisautzari egin gura diogu omenaldia".
Olentzero egunean, haurrei eskutitza jasotzera Txoronpio eta Txoronpia bertaratuko dira. Iaz Akerbeltz izan zuten lagun, eta oraingoan, Martin Abade etorriko da Arrasateko kaleetara.
Herri bazkaria
Bazkariko txartelak abenduaren 12tik aurrera egongo dira salgai. Kajoi, Monte, Basati eta Bengoan eskuratu ahal izango dira 18 euroren truke. Musakolako kiroldegian izango da hitzordua, eta Txatxilipurdiren eskutik, gainera, haurrentzako tailerrak egongo dira.
Santamasak iristeko gutxiago geratzen da. Hasi prestatzen gona, amantal, abarka, fraka eta alkandorak!
