Familia ugariak: poz eta behar berriak batera datozenean

Leire Kortabarria 2012ko abenduaren 12a

Roberto Hernandez eta Carmen Natali Loureiro arrasatearrek Nathalie 9 urteko alabari anaiatxo edo ahizpatxoa ematea erabaki zuten. Bada, orain, Nathaliek hiru anai-arreba ditu: Irantzu, Enaitz eta Izadi hirukiak. Hilaren 17an, hiru hilabete izango dira jaio zirela; zazpi hilabeteko jaio ziren, 35 asteko haurdunaldia eta gero.

Hirukiak izateak bizitza aldatu die goitik behera, Roberto kontatzen duen moduan: "Hiru zetozela jakin genuenean, zur eta lur geratu ginen: emaztea negarrez eta neu, mutu". Izan ere, haurdunaldia nola joango zen kezkaz gain, bizimodu berriak zekarren kezka piztu zitzaien: "Gure egoera ekonomikoa gogorra da: hipoteka eta mailegu pertsonala ditugu; eta esnea, pixohialak, arropa, ikastola… Ez dakigu nola egingo diogun aurre; gerrikoa pixka bat gehiago estutu beharko dugu".

Egunerokoa ere zeharo bestelakoa da orain: "Ohiko egun baten, erloju kontra bizi gara: umetxoei hiru orduan behin eman behar zaie jaten; bularra ere hartzen dute; eta alaba nagusia ere zaindu behar dugu. Ez dugu ia lorik egiten eta ez daukagu geuretako denborarik ere. Bagenekien zaila izango zela, baina imajinatzea gauza bat da, eta oso bestelako bat, hori bizi izatea".

Zorionez, hiru umeak ondo jaio ziren eta, pixkana-pixkana bada ere, familia berria badoa bizimodu berrira ohitzen. Aitak dioskunez, "hiru izateko, pisu onarekin jaio ziren. Inkubagailuan egon ziren hamar egun, eta ondo dabiltza handitzen. Oso pozik gaude sortu dugun familiarekin".

Denek ez dute titulu ofiziala 

Erditze baten bi ume baino gehiago dituzten familiek eta, oro har, familia ugariek badituzte laguntza publiko batzuk. Ez dira multzo txikia, gainera. Datu borobilik ez dagoen arren, familia ugari titulua dutenak 21.000 bat dira Euskadin. Beraz, benetan 21.000 baino familia ugari gehiago dago, guztiek ez dutelako titulua atera edo zeukaten hainbati kadukatu egin zaielako. Familia ugarien titulua kasuan kasuko diputazioak ematen du, eta Eusko Jaurlaritzak familia ugarien txartela ematen du, tituluaren ziurtagiri gisa balio duenak. 

Familia horiek laguntza handiagoa behar izaten dute. Beste herrialde batzuetan daudenekin alderatuta, familia ugariendako hemengo laguntzak ez dira etxafuegoak botatzeko modukoak; kontuan hartu behar da, gainera, krisiak eragina izan duela. Baina badira zerbait, hala ere; eta askoko erditzea izan duten familiek badute eurendako bakarrik den laguntzaren bat. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabaren kasuan, Eusko Jaurlaritzak ematen ditu samurtasun batzuk. Gizarte Segurantzak ere ematen ditu.

Laguntzak eskatzeko orientazioa ematen du Hirukidek, Euskadiko familia ugarien elkarteak.

200 euro gutxiago 

Euskadin, jaiotako umearengatik eta norbere ardurapean dagoen seme-alaba bakoitzarengatik laguntza batzuk ematen dira. Erditze bakarrean hainbat ume izateagatik, umearen lehenengo urterako familiaren errenta-mailaren araberako laguntza puntuala dute familiek. 2.000 bat eurokoa da.

Krisiak gehiago eragin die, ordea, lana eta familia bateratzeko neurriei, eszedientziei eta lan-egunak txikitzeari: "200 euro baino gehiago txikitu dira laguntza horiek. Nahi eta nahi ez, horrek birritan pentsarazten dizu eszedentzia eskatu edo ez", esaten du Hirukideko presidenteak, Natalia Díez-Caballerok. 

Babes publiko txikiak ez du animatzen seme-alaba asko izatera; hala, Euskadiko jaiotze-tasa %3 txikitu zen urteko lehenengo hiruhilekoan.

Laguntza horien kalte barik, neurriak erabaki ditzake ere udal bakoitzak; adibidez, Gasteizko Udalak jaiotzen zen ume bakoitzarengatik ematen du laguntza bat, baina urte eta erditik gora doa hura eman barik, eta Hirukideko presidenteak "kenduko duten antz guztia" hartzen dio. Arrasateko Udalak automobilarekin alde zaharrean sartzeko laguntza eman dio Robertoren eta Nataliren familiari. "Eskerrak eman nahi nioke alkateari horregatik", dio Robertok.

III. Familien Plana 

Baina laguntza puntualak baino gehiago eskatzen dituzte familia ugariek. Eta hor dago benetako hutsunea eta benetako arazoa: "Zeharkako politika publikoak behar ditugu, familion alde legislatzea etxebizitzan, zergatan…"; eta, horrekin batera, "familia ugarioi bizi osoan errekonozitu eta aitortu diezaguten izaera hori", esaten du Hirukideko presidenteak. Eta gogora ekartzen du familia ugariek ume bakoitzeko jasotzen dituzten laguntzak luzatzera konprometitu zela jarduneko Eusko Jaurlaritza, baina ez duela bete. 

Itxaropen osoa EAEko Familiei Laguntzeko 2011-2015 eperako III. Erakunde-arteko Planean dituzte Hirukide elkartekoek. Izan ere, plan horretan familia ugariek dituzten konpentsazio-ondasun fiskal eta ekonomikoei eusteaz gain, dagoeneko diru-partida konkretu batzuk proposatzen dira eta familien aldeko politika batzuen asmoak, behintzat, ageri dira. Baina plan hori, gaur egun, zirriborro fasean dago. 

-----------------

Elkartasun sarea, elkarteen eskutik

Administrazioen laguntzari gehitzen zaio jendartetik dagoen babesa, eta hor sartzen da Hirukide, Euskadiko familia ugarien elkartea. Carmen Natalik eta Robertok Hirukidera jo zuten, eta elkarteak nondik nora jo orientatu zituen, izan ere, "nahiko galduta" zeudela onartzen digute. 

Bi guraso eta hiru seme-alaba edo gehiago dituzten familiak eta guraso bakarra (banandua edo alarguna denean bakarrik) eta bi seme-alaba edo gehiago dituztenak kontsideratzen dira familia ugaria (gutxitasuna duten edo lanerako desgaituta dauden seme-alaba bakoitza bi bezala kontatzen da), eta horren titulu ofiziala eska dezakete Foru Aldundian. Titulu horrek Hego Euskal Herri eta Espainiarako balio du eta zenbait abantaila lortzeko modua ematen die familiei. 

Hirukidek 700 familia bazkide ditu. "Familia handia" osatzen dute, euren esanetan; 37.000 guraso eta umek osatzen duten familia, hain zuzen ere. 700 familia horietatik 20 eta 30 artean askoko erditzea izan duten familiak dira. Estrapolazioa egiten badugu, Euskadin familia ugarien titulu ofiziala duten 21.000 familia ingurutik 600 eta 800 artean dira halakoak.  

Familia horiek aparteko bultzadatxoa behar izaten dute. Natalia Díez Caballerok honela azaltzen du haienganako tratamendua: "Lehenengo, seme-alabengatik zoriondu egiten ditugu, nahiz eta euren egoera ere ulertzen dugun. Gero, harrera egiten diegu eta eska ditzaketen laguntza publikoen gaineko informazioa ematen diegu".

Hori baino gehiago egiten du Hirukidek: "Egoera berean egon diren familiekin harremanetan jartzen ditugu; horien poltsa bat daukagu elkartean. Familia horiek euren esperientzia konpartitzen dute eta gomendioak ematen dizkiete, horrela lehenengo hilabeteak ahalik eta ondoen eman ditzaten", esaten du Díez-Caballerok.

Laguntza materiala ere ematen du Hirukidek: ume askorendako kotxetxoa edo bestelako material-bankua du, familiei uzteko, edo beste guraso batzuekin harremanetan jartzen ditu elkarri uzteko material hori. Azkenik, zenbait enpresarekin hitzarmenak dituzte, eta etxetresna elektrikoak edo premia-premiazko produktuak jasotzen dituzte dohaintzan.

 

HIRUKIDE ELKARTEA:

Webgunea: www.hirukide.com

Telefonoa: 902 44 03 03 / 945 25 36 02

 

-----------------

Nagusienak 21 urte bete arteko laguntza

Titulua: familia ugarien tituluak abantailak ematen ditu Hego Euskal Herrian eta Espainian. Foru Aldundian eskatu behar da. Seme-alaba nagusienak 21 urte bete arte edo, ikaslea bada, 26 bete arte balio du.

Txartela: Eusko Jaurlaritzak familia ugarien txartela ematen du, EAErako balio duena. Titulua duten familietako 5 urtetik gorako kideek izan dezakete. Tituluaren abantaila berberak eta beste batzuk ematen ditu.

Dirulaguntzak: norberaren ardurapean dagoen seme-alaba bakoitzarengatik laguntza puntuala dago. Hirugarren eta hurrengo seme-alabengatik, horiek 6 urte bete arte jasotzen dute. Bestalde, 3. seme-alabatik hasita, jaiotako ume bakoitzarengatik laguntza dago: aurten, 450 euro.

Askoko erditzea: erditze bakarrean bi ume edo gehiago izan dituztenek laguntza bereziak dituzte: bi izan dituztenendako 2.000 euro pasa izan dira aurten. Bestalde, 6 astean zehar prestazio berezi bat jasotzeko eskubidea dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak