Josemari Velez de Mendizabal: "XVIII eta XX. mendeen arteko zubia izan zen Miguel de Madinabeitia"

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko abenduaren 11

Arrasate Zientzia Elkarteak antolatutako 'Arrasateko Iragana Astintzen' hitzaldi zikloaren baitako azken berbaldia eskainiko du gaur Josemari Velez de Mendizabal historialariak. Miguel de Madinabeitia arrasatearra emango du ezagutzera bertan. Kulturateko areto nagusian izango da hitzordua , 19:00etan hasita.

Gaurko berbaldian Miguel de Madinabeitia gerturatu gura diezu herritarrei.

Bai, eta Miguel de Madinabeitia zer eta nor izan zen azaltzen saiatuko naiz. Eta zer izan zen arrasatearra? Nire ustez XVIII. eta XX. mendeen arteko zubia izan zen, baita idazlea ere, Arrasateko artxiboa arakatzen aitzindaria eta gainera, berari esker dakizkigu Erdi Arotik hasita herriaren gaineko datuak. Bestalde, dibulgatzaile handia ere izan zen Madinabeitia. 

Eta nor izan zen?

Miguel de Madinabeitia 1828an jaio zen eta 1903an hil zen. 34 urtez udal idazkaria izateagatik ezaguna da, baina aurretik sarrailagintza enpresa pribatuan aritu zen. Arrasateko seme ezezaguna izan zen, eta ea behingoz lehendabiziko zertzeladak emateko gai naizen.

Miguel de Madinabeitia ez da pertsonaia ezaguna. Nola eduki zenuen bere berri?

XX. mendeko historialari askok aipatu izan dugu Madinabeitia, baina ez geneukan bere arrastorik, ez genekien benetakoa zen ala ez.

Iaz denbora eduki nuen ikertzeko; haren familiarengana jo nuen, eta haiek ere gutxi zekiten. Baina nire eskaerari erantzunda, ganbara batetan dokumentazio multzo bat topatu zuten eta nire eskutan utzi zuten. Orduan ohartu nintzen zenbat gauza idatzi zituen, tartean Arrasateko historiaren gaineko 74 orri. Orain dokumentazio hori aztertzen ari naiz.

Arrasate ezagutzera emateko

"Arrasateko ondare historikoa ezagutaraztea izan da alde batetik zikloaren helburua, astronomia herritarrei gerturatzea, eta baita Arrasateko historiaren transmisioaren garrantzia adieraztea ere", Arrasate Zientzia Elkarteko kide Arantza Otaduyren esanetan.
 
Azaroan eta abenduan zehar egin da zikloa eta Alvaro Arrizabalaga, Gerardo Rosado eta Anton del Campok eman dituzte orain arteko hitzaldiak. Gaur, martitzena, itxiko da zikloa, Josemari Velez de Mendizabalekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak