Jostailu Truke Merkaturako material bilketaren azken egunak

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko abenduaren 10a

Txatxilipurdik urtero egiten duen Jostailu Truke Merkaturako materiala biltzen ari dira, eta azken hiru egunak asteon izango dira.

Abenduaren 16an egingo da Jostailu Truke Merkatua Okendoko ludotekan. Txatxilipurdiko lagunek egun horretarako materiala biltzen jarraitzen dute, eta asteon hiru egunetan zehar batuko dituzte jostailuak.

"Orain arte ez ditugu gehiegi jaso, baina azken astea izaten da arrakastatsuena, eta horrela izango delakoan gaude". Hala, hiru egunetan herriko hiru tokitan batuko dituzte jostailuak 17:30etik 19:00etara: abenduaren 11n Arimazubiko plazan; abenduak 12an  Santamarinako ludotekan eta abenduak 13 Okendoko ludotekan.

Etxean erabiltzen ez den jostailua beste batengatik elkartrukatzeko aukera polita izaten da merkatua. Hala, berrerabiltzearen aldeko apustua egitera gonbidatu gura dituzte antolatzaileek arrasatearrak eta ingurukoak. "Agian Olentzerori eskatu gura dioten jostailu hori, truke azokan lortzeko aukera izango dute berri berria eta erosi gabe. Eta lagunentzat edo familiakoentzat opari bat aurkitzeko egitasmo aproposa da eta oso erraza".

Txatxilipurditik gogorarazi dute oso garrantzitsuak izaten direla jostailuak eta jolasa haurren garapenean. "Haurrei trukearen garrantzia azaltzea oso aberasgarria dela deritzogu eta modurik egokiena eta erakargarriena jostailuen bidez da". Gainera, "truke egunean jostailuak nola egin jakiteko aukera egongo da, birziklatutako materiala erabiliaz eta modu erraz batean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak