Gipuzkoarrak izan dira Iturripen Euskadiko txapelketako izarrak

Jagoba Domingo 2012ko abenduaren 10a

Euskadiko gazte mailako txapelketa urtero ospatzen da eta oraingoan Arrasatera etorri dira Euskadiko gazte mailako jokalari onenak. Jai egun hauek aprobetxatuz, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko ordezkariak euren artean lehiatu dira, gaur egun Euskadiko selekzio onena zein den argitzeko, eta gipuzkoarrek jarri dute koroa bai gizonezko baita emakumezkoetan. 

Eguenean hasi zen gazte mailako Euskadiko saskibaloi txapelketa Arrasateko Iturripe kiroldegian. Hiru egunetan maila altuko saskibaloia ikusi zuten Iturripera gerturatu ziren zaleak, eta atzokoan, partidu erabakigarrian, Gipuzkoako gizonezko selekzioak Arabakoa mendean hartu zuen 71-67ko emaitzarekin.

Partidu hasieran, gipuzkoarrak erraz jarri ziren aurretik markagailuan, eta Yon Gonzalez entrenatzaile tolosarrak esan zigun bezala, atsedenalditik bueltan, erlaxatuta irten ziren kantxara eta estutasun asko pasatu zituzten partidua irabazi ahal izateko. Hala ere, norgehiagoka irabaztea lortu zuten eta horrela Euskadiko txapeldun izendatu ziren.

Hilabetez egon dira astero entrenatzen txapelketa hau prestatzeko, eta pozik egoteko moduko prestakuntza egin dutela esan digu Gonzalezek. Euskadiko gazte mailako jokalari onenak egon dira selekzioetan, eta hauekin talde bat lortzea izan da entrenatzaileen helburu nagusia. Jokalariak euren taldeetan erreferenteak izan ohi dira, eta entrenamenduetan, talde sendo bat sortzen saiatzen dira. Bakoitzak jokatzeko era ezberdin bat du eta talde ezberdinetan rol nabarmenak izaten dituzte, baina selekzioa talde bat bilakatzeko helburuz, rol hauek aldatu egiten dira bakoitzak egiten dakiena taldearen onerako erabiltzeko.

Emakumeetan ere txapeldun

Emakumeen mailan ere gipuzkoarrak txapeldun izan ziren, zapatuan Bizkaiko selekzioaren aurka 55-63 irabazi ondoren eta atzo arabarrak 76-56ko emaitzarekin mendean hartuz. Michelle Olave jokalariak esan zigunez, irabaztea espero zuten baina hasiera batean pentsatu baino zailagoa izan zen txapeldun izatea. Bizkaiaren aurkako partidua zailena izan zela aitortu zuen Olavek.

Lagunekin egoteko aukera

Mikel Atxa arrasatearra, gipuzkoar selekzioko debagoiendar bakarra izan da, eta lehiaketaz aparte, txapelketako jokalarien arteko giro ona nabarmendu zuen. Hitzordu hauek, aspaldian ikusi gabeko lagunekin egoteko aukera dela esan zigun eta saskibaloian jokatzeaz gain, lagunartean asteburu polit bat pasatzeko aukera paregabea dela esan zigun.

Antolakuntza paregabea

Balorazio positiboa oso egin zuten Euskadiko txapelketa amaitu ondoren eragile guztiak. Arrasaten lehenengoz jokatu da txapelketa, baina Ointxe! saskibaloi taldekoek lan ederra egin dutela esan zuten Euskadiko federazioko kideek, eta behar bada, datorren urtean bueltan izango da txapelketa. Gorka Zurutuzaren esanetan, lehenengo urtea izanda lan gogorra izan da, baina saskibaloiarentzako eta herriarentzako ona dela uste du. Iturripeko harmailak zelan zeuden ikusita, publikoa ere pozik amaitu zuen, beraz datorren urtean errepikatzea polita izango zen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak