Sarrerako eskaileratan agurra dantzatuta, osoko bilkuren aretora igo dira gero. Iñaxio Azkarraga-Urizar alkateak ongi etorria egin die bertaratutakoei, Arrasate beste behin, munduko akordeoien hiriburua bihurtzeagatik eskerrak emanaz. Kepa Urteaga, kultura zinegotziak hartu du hitza gero, lehiaketako irabazleak zeintzuk diren oraindik jakiteke, horrelako ekitaldiak gurean egiteak, Arrasate herria bera irabazle egiten dutela azpimarratuz. Ondoren, Furundarenak ere Udalari eskerrak eman dizkio urteetan jasotako laguntzagatik; amaitzeko, Alexey Artemyev, nazioarteko lehiaketako epai-mahaiko kideak hartu du hitza, 'Arrasate Hiria´mundu mailako lehiaketa erreferentea dela esanaz eta kulturen arteko trukaketa eta ezagutza zabaltzeko bidea ematen duela gaineratuz.
Orainarteko balorazioa, positiboa
Aitor Furundarena, Hauspoz elkarteko kidea, pozik zen eguerdian, orain arteko emanaldiek (jaialdi zein lehiaketek) eman dutenaz. Parte-hartzaileeen maila goraipatu du, krisiak-krisi bada ere, aurreko edizioetako beste maila mantentzea lortu dutela gaineratuz. Era berean, Furundarenak, azpimarratu du, lehiaketik at, akordeoien jardunaldi horiek duten helburu pedagokikoa, horren erakusle gaurko protagonistak ere, besteak beste, Gipuzkoako hainbat musika eskoletako 250 ikasle direla. Horiek g¡guztiek, egunean egindako lanaren fruitua jasoko dute Amaia Antzokian, 20:30etan egingo duten galan.