"Ez da kartzela izango, ezta gutxiago ere. Buruko gaixoendako unitatea izango da, kartzela kontuak bigarren mailan geratzen dira. Azken batean, gaixo horiek egin duten delitua buruko gaitza izatearen ondorioa besterik ez da, eta gaixo horiendako leku egokia ez da kartzela. Unitate hau gaixoekiko errespetuan oinarritutakoa izango da, haiei behar duten tratamendu egokia emateko helburuarekin", azpimarratu du Sor Rosa Abadek.
Aitzindaria eta bakarra
Gaur egun Estatuan ez dago halako unitaterik. Izan ere, ospitalean aspaldi garatzen hasitako ideia da orain Osasun Sailarekin elkarlanean gauzatuko dutena: "Genevako eta Ingalaterrako esperientziak bisitatzen izan ginen orain 10 bat urte, Euskal Herrian behar hori dagoela ikusten genuelako. Pentsa ze abantaila izango den Euskal Herritik kanpoko kartzelatan dauden gaixo euskaldunendako etxetik gertu halako zerbait izatea", adierazi du ospitaleko gerenteak. Unitateak izaera soziala izango duela ere azpimarratu gura izan du hark.
Emakume eta gizonezkoendako
Psikiatria Legalaren unitatea emakume zein gizonendakoa izango da, eta bertan jarduteko lantalde berezia sortuko dute, "psikiatrian eskarmentua duten profesionalak".