Gari Garitano eta Jon Pozo: "Zenbaki honetako marrazkiak hobeak dira bai kalitate aldetik eta baita teknikoki ere"

Laida Beristain 2012ko abe. 9a, 01:00

Zapla!! fantzinearen hirugarren zenbakia salgai. Gari Garitano eta Jon Pozo dira egileetako bi.

Noiz argitaratu duzue hirugarren zenbaki hau?

Lehengo asteko eguenean argitaratu genuen fantzinea. Azaroaren 24an Getxoko feriara eramateko asmoa genuenez, bi egun lehenago argitaratu genuen.

Non jarri duzue salgai? 

Bergarako eta Arrasateko taberna batzuetan dago fantzinea erosteko aukera. Zehazki, Arrasateko Iluntz, Ekaitz, Iturri eta Basati tabernetan eta Gaztetxean. Bergaran, berriz, Euxebio, Irrintzi, Ziripotz, Bule eta Popi's tabernetan. Bergaraz eta Arrasatez gain,  Azpeitiko eta Tolosako pare bat taberna edo jatetxetan ere izango da salgai. Prezioa bi euro da.

Harrera ona izan al zuten aurreko bi zenbakiek? 

Lehenengo zenbakia urtarrilean kaleratu genuen eta bigarrena, Aste Santu inguruan. Lehenak bigarrenak baino harrera hobea izan zuen. GOIENAn eta Berria-n erreportaje bana egin genuen fantzinea ezagutzera emateko, eta, lehenengo zenbakia nobedadea zenez, nahiko jendek erosi zuen. Bigarrena hotzago geratu zen.

Ba al du gai zehatzik? 

Ez, lehenengo zenbakia krisiaren gainekoa izan zen, baina hirugarren zenbaki honek ez du gai zehatzik, librea da. Bakoitzak nahi duen gaiaren inguruko lanak egin ditu. Mota guztietako gaiak lantzen dira: sexua, krisia, politika, kutsadura...

Zer aurki daiteke barruan? 

Barietate handia du fantzine berri honek. Tira komikoak, ilustrazioak, bertsoak, karikaturak, 2013ko egutegia, istorio txikiak, txisteak, artikuluak... aurki daitezke bertan. 

Aurreko zenbakiek baino barietate handiagoa du azkenengo zenbaki honek; egile barietatea ere handiagoa da. Horretaz gain, marrazkien kalitatea eta teknika ere hobea da.

Zenbaki berri hau Debagoienetik ateratzeko asmorik baduzue? 

Gustura gaude maila honetan; fantzinea gure bailarako herrietan saltzen. Baina, egia esan, kanpoko kolaboratzaileen eta jende ezagunaren laguntzaz bailaratik kanpoko beste herri batzuetan ere izango dugu fantzinea salgai. Adibidez, Bilboko kolaboratzaile berri batzuk ditugu eta haiek Bilbo inguruan zabalduko dute, baina konpromisorik gabe.

Zergatik fantzine bat? 

Nork bere aldetik ezer egitea oso zaila denez gaur egun, guztion artean horrelako aldizkari bat egitea erabaki genuen. Guztion lanak batuta errazagoa izango zelakoan. Helburu komertzialik gabe hasi ginen, eta horrela jarraitzen dugu. Gustuko dugulako egiten dugun gauza bat da, eta egiten duguna besteei erakusteko egin genuen. Nahi duen edonork kolaborazioak egiteko aukera ere badu. 

Zenbat zaudete taldean? 

Izatez, 12-13 pertsonako lantaldea gara, baina gero, bilerak egiten ditugunean, askotan, 6-8 pertsona inguru batzen gara.

Gehienak lehenengo urtean hasi ginen berdinak gara, baina kolaboratzaile berri batzuk ere baditugu azken zenbaki honetan. Bilboko eta Tarragonako batzuk, besteak beste. 

Nola antolatzen zarete fantzinea osatzeko? 

Gehienbat, e-mailaren bitartez, eta, bestela, mugikorraren bitartez komunikatzen gara elkarrekin. Nork bere lana amaitzen duenean, e-mail bidez bidaltzen die besteei. Ez dago lan finkorik, bakoitzak ahal duena egiten du. Gero, bi maketatzaileren artean guztion lanak batzen dituzte. 

Laugarren zenbakiarekin hasteko asmorik baduzue? 

Bai, laugarrenarekin hasteko asmoa dugu. Hirugarrenaren salmentekin kolpe handirik hartzen ez badugu, behintzat. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak