Joan Antonio Mele: "Beste banka bat posible, bideragarri eta beharrezkoa dela erakutsi dugu"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko abenduaren 8a

Harreman Debagoieneko bidezko merkataritza dendak antolatuta, hitzaldia eskainiko du Jose Antonio Mele (Bartzelona, 1951) Triodos Bank-eko zuzendariordeak Arrasaten. Abenduaren 12an izango da, Kulturaten, 19:00etan. 30 urte baino gehiago daroatza bankaren munduan lanean, eta, gaur egun, ekonomia sozialaren edota banka etikoaren gaineko hainbat hitzaldi ematen ditu. Dinero y conciencia. ¿A quién sirve mi dinero? liburuaren egilea da eta izen bereko bloga ere badauka. Triodos Banken gainean dihardugu.

Herbehereetan sortutako banku independentea da Triodos Bank, ezta?

Bai, 60ko hamarkadan hasi ziren honekin lau pertsona, ohiko bankaren norabidearekin gustura ez eta beste era bateko bankuak egitea posible zela sinistuta. Hala, 1971n fundazioa sortu zuten eta 1980an bankua. Borondate eta misio garbi batekin: banku europarra izatea, independentea, eta helburu izango zuena mundua aldatzen laguntzea, pertsonen eta planetaren bizi kalitatea hobetzea eta finantza sistema aldatzea. Mundua hobetzeko saiakeran, batzuek gobernuz kanpoko erakundeak darabilte; gu geu finantza sistemaren barruan murgiltzen gara. 

Eta hau zela egin?

Oinarri-oinarrizkoa da gardentasuna. Izan ere, horrek laguntzen dio jendeari norbere diruaren erabilpenaren kontzientzia hartzen. Ideia eta bankua Europa osoan barrena zabaltzen hasi zen eta Estatu Espainolean 2004an ireki zen lehen sukurtsala. Hasieratik izan du oso harrera ona eta hazkundea etengabea da. Gaur egun, 14 bulego ditugu; horietako bakarra Euskal Herrian, Bilbon hain justu ere, duela bi urtetik. Estatu Espainoleko erkidego bakoitzean bulego bat zabaldu dugu eta apurka-apurka hazten goaz, beharren eta eskaeren arabera. Datorren urtean gehiago irekiko ditugu. Orotara, 170 langile ditugu. Bestalde, balioetan oinarritutako 19 finantza erakundek osatutako mundu mailako aliantza bateko kide gara. 10 milioi bezero ditugu guztion artean…

Gaur egun, inoiz baino premiazkoagoa da era honetako banku bat?

Zalantzarik barik, bai. Batzuei irudituko zitzaien hau guztia utopia edo ameskeria zela, baina ohiko finantza sistemaren porrota dela-eta, inoiz baino beharrezkoagoa da Triodos Bank. Guri ez digu eragin krisi honek. Hazten goaz, geroago eta irabazi handiagoak ditugu…; hortaz, gure amets hau bideragarria da. Beste banka eredu bat posible, bideragarri eta beharrezkoa dela erakutsi dugu. Hilero, milaka bezero berri dator guregana. Jendea konturatu da mundua aldatu nahi badugu, geuk egin behar dugula, beste batzuek egiteko zain geratu barik. Gakoa norbereren konpromisoa da.

Zertan inbertitzen dituzue irabaziak?

Ez bakarrik irabaziak; gure bankura heltzen den diru guztia erabiltzen dugu balio sozial erantsiko proiektuetan. Gure kasuan, bereizi gara hiru arlotan: Kultura, Ingurumena edo Gizarte gaiak. Irabazien zati bat, jakina, erreserbara doaz. Gure bezeroak, gure akziodunak, ez datoz irabazien bila, konpromiso bategatik datoz, gauzak beste era batera egin daitezkeela sinistuta daudelako… Baina, jakina, dirua prestatzeko, kapitalaren premia dugu eta akziodunei dibidenduak banatu behar zaie. 

Badira beste banku batzuk irabazien zati bat zeregin sozialetara bideratzen dutenak…

Bai, baina, hori hala izan arren ere, akaso, irabaziak armagintza enpresak finantzatzetik atera dituzte edo beste inbertsio ez etikoetatik. Guk egiten dugun guztia, ingurumena errespetatuz, modu etikoan, zintzo jokatuz eta gizartearendako kaltegarriak izan daitezkeen ekimenak ez babestuz egiten dugu. 

Banka edo kutxa ohikoek zela ikusten zaituzte?

Ez dakit zer esan, baina argi dago gure ekarpena balio bereizia dela, beste inork eskain ez dezakeena. Interes tipoetan gu baino erakargarriagoak eta lehiakorragoak izan daitezke, baina etikari buruz badihardugu ez. Gurera etorri dira hainbat bezero, diru askorekin, beste banku batzuek askoz ere errentagarritasun ekonomiko handiagoa eskaintzen zietenak. Balioak eta etika lehenesten dituzte eta horren aurrean ezin dute lehiatu beste bankuek. 

Aldaketa beharrezkoa da, hortaz?

Erabat premiazkoa eta egin behar da lehenbailehen; orain hobeto gero baino. Munduan daude milioika pertsona eredua aldatzea behar dutenak. Hau ez da jasangarria. Planeta suntsituta dago. Milioika pertsona pobrezia erabatekoan… Eredua zaharkituta dago eta etorkizuna kontzientziaz eta kooperazioaz eraiki behar da. Lehiakortasunetik kooperaziora pasatu behar gara. Ekonomia ezin dezake merkatuak arautu; geuk, pertsonok, erabaki zintzo, etiko eta justuekin, arautu behar dugu merkatua. Aldaketarako konpromisoa da paradigma berria eta funtzionatzen du. Aldaketa abian da. Ez dakit noiz izango dugun masa kritiko nahikoa aldaketa erradikala lortzeko, baina bidean da, abian da. 

Bankaren sektorean lanean ibilia zara lehenago ere, ezta?

Bai, 30 urtez aritu naiz. Eta nire esperientzia baliatu nahi dut proiektu berri honetan. Blog bat daukat, nire liburuaren izenburu bera duena, eta hor saiatzen naiz ekonomiaz jarduten modu erraz eta ulergarrian; labur baina sakoneko pentsamenduak azaleratuz. Errezeta konkretuak proposatzen ditut, praktiko eta egingarriak, edozeinendako modukoak, mundua hobera aldatzeko.

Diruak, kapitalak ez dauka kontzientziarik?

Kontzientzia pertsonok dugu eta aldaketa geure esku dago. Hiritarrok badugu boterea gauzak aldatzeko, batzuetan ohartu ez arren. Gizarte zibilak erabaki kontzienteak hartzen dituenean, kontsumitzeko orduan kontzienteki erabakitzen duenean, botoa ematerakoan baino botere handiagoa dauka. Sarritan, bankuak kritikatzen digu, baina, gero, han ditugu gure aurrezkiak, hara goaz diru eske. Ez kritikatu, egin, eragin, hartu erabaki kontzienteak. Aldaketarako beldurra edo erresistentzia gainditu behar dugu.

Finantza sektorea hankaz gora dago, hiritarren zergekin bankuak diruz-lagundu behar dugu... Zuena bideragarriagoa da?

Bai. Jendea suminduta dago, lotsagarria da, baina haserre egotetik erabakiak hartzera igaro beharra dago. "Nire diruarekin ez" esateko ordua da. Krisiari esker, gauza asko alda daitezke. 

Irabaziak bertako proiektuak finantzatzeko darabilkizue, ala kanpoko proiektuetarako?

Ez, ez, hemen bertan, gauden tokietan, inbertitzen dugu. Gure webgunean ikuska daitezke proiektu horiek. Horretaz gain, mikro-kredituak ere eskaintzen ditugu munduko 50 herrialdetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak