"Herriko euskalgintzako eragileen eta udalaren artean elkalana izatea ez da gauza berria arrasatearrontzat". Hala gogorarazi du Oskar Elizburu Kontseiluko lehendariak urteetan egon den harremana. Gaur sinatu den elkarlan hitzarmenak, baina, sinbolismo berezia daukala gaineratu du, lan molde berriak ekarriko dituelako.
Zinpetzean eragile ugarik hartu dute parte. Mahaian egon dira Oskar Elizburu bera, Inazio Azkarragaurizar alkatea eta Eñaut Muxika, AEDko lehendakaria. Haiek inguratzen berriz, euskalgintzako eragile ezberdinetako kideak: Txatxilipurdi, Ekin, Emun, Goiena...
Azkarragaurizarrek adierazi duenez, "Elkarlan Hitzarmena hausnartzeko, eztabaidatzeko eta proposamenak egiteko tokia izango da. Eta sinatzen duten erakundeen proposamenak haintzat hartuko ditu Udalak bere ekintza planak egiten dituenean".
Bestalde, AEDko lehendakariak adierazi du, beharrei erantzuna emateko erakundeak elkartu izana pozgarria dela. "Egia da orain arte lan sakona eta mardula egin dela, baina behar bat egoten jarraitzen du, eta hitzarmena da horren erakusgarri". Bertaratutakoen nahia Arrasate euskal hiztunez betetzea dela gaineratu du, eta euskaraz bizi ez den jendea erakarri beharra azpimarratu du, eta euskalgintzatik hori lortzeko indarra egiten jarraituko dutela esan duela gaineratu du.
Berbaldien ostean, bertsoa osatu dute sinatzaileek, eta jarraian zinpetu dute hitzarmena. Amaieran aldiz, elkarlanaren uzta izan den bertsoa kantatu dute.