Markel Urrutia: "Unescok dio judoa dela 14 urtera artekoendako kirolik egokiena"

Mireia Bikuña 2012ko abenduaren 4a

Markel Urrutia irakaslea da Arrasateko judo taldean. 55 bat lagunek dihardute taldean, eta orain, zerbitzua zabaldu gura dute Aretxabaletara. 4 urtetik gorako neska-mutikoendako taldea sortu gura dute. Judoaren onurez eta ezaugarriez egin digu berba Urrutiak.

Judo taldea sortu gura duzue Aretxabaletan.

Aretxabaletako kiroldegi berrian eskaera egin genuen, eta, baiezkoa jasota, orain deialdia egiteko ordua da. 4 urtetik aurrerako neska-mutikoekin judo taldea sortu gura dugu. Eskolak astelehen eta eguaztenetan izango dira, 17:00etatik 18:00etara arte. Taldea martxan ipintzeko, gutxienez, zortzi ume beharko ditugu. Izena emateko telefono bat daukagu: 634 40 13 28 (Markel).

Zu zeu izango zara irakaslea. Esperientzia eta titulu ofiziala duen irakaslea.

Bai, hala da. 6 urtetik 16 urtera arte judoa egin nuen. Urte batzuetan kirola alde batera utzi eta beste gauza batzuk egin nituen. Duela zazpi urte berriro hasi nintzen judoan, serio, astean hiru entrenamendu egiten.

Duela hiru urte lortu nuen gerriko beltza judoku-n, eta orduan hasi nintzen umeei eskolak ematen. Gainera, duela bi urte atera nuen Euskal Eskolak ematen duen monitore titulu ofiziala. Aurtengo asmoa da erregional mailako titulua lortzea. Beraz, esango nuke esperientzia badaukadala. [Barre]

Ze metodologia erabiliko duzue neska-mutikoekin?

Judo eskolak jolasean oinarrituko ditugu. Horren bidez ikasiko dituzte arauak, oinarrizko ezaugarri fisikoak, psikomotrizitatearen garapena, taldekideekiko eta aurkariekiko errespetua, diziplina,  kirolarekiko eta bizitzarekiko jarrera baikorra, besteak beste. Dena den, ume guztiak elkarrekin egon arren, norberaren behar eta gaitasunei egokitutako saioak landuko ditugu. Ume bakoitzaren beharren araberako lana eta metodologia erabiltzen dugu.

Ordubeteko eskolak izango dira. Nola antolatzen dituzue?

Hiru zatitan banatzen ditugu judo saioak: beroketa, atal espezifikoa eta lasaitasuna. Lehen zatian gorputzeko atalak berotzeko ariketak egiten ditugu. Ondoren, judoaren mugimenduak, ezaugarriak eta beste lantzen ditugu. Azkenik, erritmoa jaitsi eta lasaitzeko ariketak egiten ditugu.

Ze onura ditu judoak neska-mutikoendako?

Unescok dio haurtzarotik 14 urtera artekoendako kirol egokiena judoa dela. Judoak, jolasaren bidez, norbanakoen garapenerako oinarrizko atalak lantzen ditu: mugimenduen koordinazioa, oreka, gorputzaren adierazpena, espazioaren erabilera... Gainera, heziketa integrala bermatzen du. Adibidez, karatearekin eta aikidoarekin alderatuta, judoak bi arlo ditu: zutik egiten den borroka dauka eta baita lurrean egiten dena ere. Mugimendu gehiago lantzeko aukera ematen duen kirola da.

Bestalde, oso aproposa da autokontrol, hiperaktibitate eta portaera arazoak dituzten neska-mutikoendako, nortasuna baretu eta energia bideratzen laguntzen duelako.

Eta baita asmatikoendako ere.

Bai. Ni neu asmatikoa naiz, eta judoak mesede handia egin dit,  norberaren segurtasunean eragiten duelako. Gaixotasun kronikoa izatearen sentsazioa txikitzen laguntzen du. Hori horrela, antsietate maila txikitu egiten da.

Adin tarte horretako neska-mutikoek parte hartzen al dute txapelketetan?

Ez. Lehian hasi aurretik komeni da judoa oinarritik ikastea eta lantzea. Hasiberriendako jolas bat da. Poliki-poliki hasiko dira lehiaketak ezagutzen.

Arrasaten ume koadrila polita daukazu. Mutilak neskak baino gehiago dira.

Kasu horretan bai, baina judoa ez da mutilendako kirola. Askok judoa borrokarekin identifikatzen dute. Akaso, gurasoek hori ikusten edo sentitzen dute. Baina judoaren onurak berberak dira guztiendako. Dena den, haur guztiak berdinak ez direnez, judoak ume bakoitzaren izaera kontuan hartuz hezten du.

Aretxabaletan judo taldea sortzeko deialdiaz gain, Arizmendi Ikastolan tailerrak egitekotan zabiltza.

Bai, hala da. Judoa umeengana helarazteko, 4-5 urteko umeekin tailerrak egiten hasiko gara urtarrilean, Arizmendi Ikastolan, lehen aldiz. Olarteko eraikinean egongo gara. Proiektu aitzindaria izango da. Interesatuek ikastolan bertan dute informazioa, eta izena ere han eman dezakete.

Adin tarte horretan dauden ume guztiak animatuko nituzke judoa ezagutzera. Umeak, eta euren gurasoak. Kirol osasuntsua da, onura asko dituena, eta jolaserako bidea ematen duena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak