Partiduko lehenengo tantoak Anasagastik egin zituen lehenengo minutuan. Bi jaurtiketa libre sartu zituen. Baina, aurretik hastea ez da nahiko izaten partiduaren jabe izateko. Hala, Padura taldea poliki-poliki nagusitzen joan zen eta lehenengo laurdena, gutxigatik bada ere, aurretik amaitu zuten: 21-22.
Bigarren laurden bikaina
Bigarren laurdena indartsu hasi zuten Larreategiren mutilek: bi hiruko jarraian sartuta 27-22 aurretik jarri ziren. Ondo ibili ziren defentsan, baina batez ere erasoan izan ziren nagusi. Hala, 24-13ko partziala eginda 45-35 aurretik joan ziren aldageletara.
Partidua nahiko ondo bideratua zuen ordurako etxeko taldeak. Hala ere, indartsu ibili ziren eta hirugarren laurdenean 20-10eko partziala egin zuten. Azkeneko laurdenean Padurak intentsitatea igo zuen: 23-25eko partziala izan zuten alde. Larreategiren mutilendako garaipen garrantzitsua izan zen: dagoeneko 17 puntu lortu dituzte.