Subakutuen Unitate berria irekiko dute astelehenean ospitalean

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko abenduaren 1a

Gaixo edadetuak artatzea prozesu akutu baten ondorioz ingresatuta egon ondoren, arazo bihur daiteke eritetxearentzat eta baita gaixo eta senitartekoentzat, beharrezko dispositiboak ezarrita ez badaude. Hori horrela, erabilera anitzeko oheak izango ditu ospitaleak astelehenetik aurrera, gaixo horiek artatzeko.

Debagoieneko ESIk aurrera egiten du gizartearen beharrekin batera eta bere egitura moldatzen du horiei aurre egiteko. Gaixo zahar bat artatzea ospitalean prozesu akutu baten ondorioz ingresatuta egon ondoren, arazo bihur daiteke eritetxearentzat eta baita gaixo eta senitartekoentzat, beharrezko dispositiboak ezarrita ez badaude. Bada abenduaren 3tik aurrera, Debagoieneko Ospitaleak erabilera anitzeko oheak izango ditu gaixo horiek artatzeko. Izan ere, prozeso akutuen (ictus, mokor hezurraren apurketa...) ondorioz autonomia galtzen dute baina errekuperatzeko aukerak izan ditzakete, errehabilitazio egokia izanez gero.

Osasun behar berriak

Gure populazioa gero eta edadetuagoa da eta horrek osasun behar berriak sortzen ditu, esate baterako, prozesu akutu batengatik ospitaleratuta egon eta etxera ahalik eta baldintza onenetan itzuli baino lehenago gaixo edadetu batzuek behar dituzten artatze espezifikoa ematea. Horrek diziplina anitzeko ikuspegia behar du, osasun arloa eta arlo soziosanitarioa uztartzen dituena.

Zerbitzu ezberdinak, hala nola, Barne Medikuntza, Kirurgia, Traumatologia, Errehabilitazioa, Pazientearen eta Erabiltzaileen Arreta Zerbitzua eremu soziosanitarioan, medikuak, erizainak, laguntzaileak, zeladoreak, terapeutak eta fisioterapeutak dira unitateko lantaldea osatzen dutenak. Denen artean gaixo bakoitzak errekuperaziorako dituen aukerak baloratuko dituzte eta oheak ezarriko dizkiote ospitalean batez beste 3-4 aste gehiago egon daitezen eta behar duten errehabilitaziorako tratamendua izan dezaten.

Unitate berria abenduaren 3an abiatuko da eta urtean 50 gaixo atendituko dituela aurreikusten du. Horrek gaixoak beste ospitaletara bidaltzea ekidingo du. Ospitaleko hirugarren solairuan kokatuko dute Subakutuen Unitatea eta erabilera anitzeko oheak izango ditu, eskaeraren eta unean uneko okupazioaren arabera erabiliko direnak.

Erakunde Sanitario Integratua

Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratua (ESI) Osakidetzak 2011ko abenduan sortu duen zerbitzuen antolaketa berria da eta artatze modalitate biak (lehen mailakoa eta espezialdua) uztartzen ditu erakunde bakar batean, pertsonek zerbitzu bakoitzetik hartzen duten artatzea integratzeko eta koordinatzeko helburuarekin. Bere baitan hartzen ditu Debagoieneko Ospitalea eta Arrasateko, Aramaioko, Aretxabaletako, Eskoriatzako, Leintz Gatzagako, Bergarako, Oñatiko, Elgetako eta Antzuolako osasun zentroak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak