On Jose Maria Arizmendiarreta Arrasateko kooperatiba esperientziaren sortzaile izan zena ekarri zuten gogora atzo arratsaldean Arizmendi Topaketak ekitaldian, Arrasaten. Gainera, atzo bete ziren hain justu ere, Arizmendiarreta hil zela 36 urte.
Bizi dugun garai honen gogortasunaz jabetuta, aurrera egiteko gakoei buruzko hitzaldia eman zuen Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohi eta ekonomilariak. Bai kooperatiba munduan eta baita herri bezala ere aurrera egitea besterik ez zaigulako geratzen, Ibarretxeren esanetan.
Baloreen krisia
Gaur egungo baloreak eta portaerak izan zituen hizpide, besteak beste. Esan zuen maiz hitz egiten dugula ustelkeria ekonomikoaz edota politiko sozialaz, baina hala ere, ez garela konturatzen baloreak eta portaerak lotuta daudela eta baloreak aldatu beharrean gaudela azaldu zuen.
Gaineratu zuen gaur egungo krisia ez dela kapitalismoaren ibilbidean ezagutu dugun ohiko krisi zikliko bat, baizik eta baloreetako krisian murgilduta gaudela esan zuen: "Ez daukagu krisi ekonomiko globala, globala da baloreen krisia. Krisi ekonomikoa lokala da; enpresa batzuk ondo egon daitezke eta beste batzuk ez".
Kulturaren garrantzia
Eta gakoa ondorengo formulan dagoela azaldu zuen Ibarretxek: Ikerketa gehi garapena gehi berrikuntza gehi kultura (I+G+B+K). Ibarretxeren hitzetan, kopiatzea erraza da baina bakoitzak bere kultura gehitzea ezinbestekoa da: Kulturaren K, euskararen K, kooperatibismoaren K. Nork bere identitatea defendatu behar duela esan zuen eta ez bakarrik nazio ideiarekin erlazionatutakoa, baizik eta ekonomiarekin eta giza garapen iraunkorrarekin lotutara daukana ere bai.
Zoriontasuna beharrezkoa
Horren harira, azaldu zuen giza garapen iraunkorrak orain arte hiru ezaugarri hartu dituela kontuan: Barne Produktu Gordina, kontsumoa eta produkzioa. Baina non dago zoriontasuna edo ongizatea? Hazkunde ekonomikotik giza garapen iraunkorrerako pausu horretan zoriontasuna kontuan hartzea oso garrantzitsua dela azpimarratu zuen Ibarretxek.